Lokatza Ziklismo Eskolara salto egin aurreko lehiaketak auzoetako jaietan bizi izaten dituzte 5 eta 14 urte bitarteko antzuolarrek. Aiastui Txirrindularitza Elkarteko kideak aritzen dira, batean oztopoak jartzen, bestean igoerak kronometratzen. "Ohitura" bezala definitzen ditu challenge horiek Joseba Lezetak; izan ere, denboran atzera begiratuta, ez luke jakingo haurrentzako txirrindularitza proba horiek noiztik egiten diren, "baina gutxienez duela 30 urtetik, bai". Badaki, ordea, zein den probak antolatzeko motibo nagusia: "Neska-mutilentzat jarduera desberdina izaten da, gogoz hartzen dute, eta energia horrek bete egiten gaitu".
Bost asteburutan
Aurreko aldietako harrera ikusita, "20-30 haur inguru, gehienak antzuolarrak", espero dituzte aurtengo erronketan parte hartzen. Lehenengoa datorren asteko larunbatean egingo dute, Ondarreko jaietan; 11:00etan hasiko dituzte ginkana estiloko jolasak, txirrindulari txikien dohainak neurtzeko.
Ekainaren 13ko eguerdian jarraituko dute, Uzarragako igoerarekin. Lezetak honako datu hau eman du proba horri buruz: "Uzarragan ospatzen zen, San Juan egunaren bueltako egitarauaren baitan; gaur egun hango jairik ospatzen ez den arren, haurren lehiaketatxo horrek zutik dirau".
Ekainaren 20an, berriz, Antigua eta Irala arteko aldapei egin beharko diete aurre; oraingoan, kronoigoera modalitatean, erlojuaren aurkakoan. Ekainaren 27an, Kalebarrengo jaien testuinguruan, oztopo artean arituko dira berriz nor baino nor gehiago. Eta uztailaren 5ean San Martzialgo igoerarekin agurtuko dituzte bi gurpilen gaineko jokoak. Azken egun horretan egingo dute bost probetako sailkapenaren araberako sari-banaketa: "Kopak irabazleentzako, eta haien atzetik geratzen direnentzako, bizikletan ibiltzeko kaskoak, estalkiak, bidoiak... Eta txikienentzako, litxarreriak". 
Antzuola Saria, 80. aldiz
Erronka horiez gain, 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatuen Lehendakari probako lasterketa ere antolatu du Aiastui Txirrindularitza Elkarteak: 80. Antzuola Saria –33. Iñaki Lete Memoriala–. Herriko festa nagusietan hutsik egiten ez duen kirol-ekitaldia uztailaren 12an jokatuko dute aurten. 123 kilometroko ibilbidea izango du, 09:15ean Antzuolako plazatik irtenda. Lasterketak bi aldiz zeharkatuko ditu Antzuola eta Deskargako mendatea, eta, ondoren, Asentzioko gaina igoko dute ziklistek. Tropela 12:30 aldera iritsiko da Herriko Plazako helmugara.
Antolatzaileek euskal talde nagusiak egotea espero dute, baita Espainiako eta Frantziako txirrindulari nabarmenenak ere. "Egitarau horrekin, Aiastui elkarteak oinarrizko eta etorkizuneko txirrindularitzaren aldeko apustua indartzen du", borobildu du Lezetak.