Kirol egokituak protagonismo handia izango du aurtengo Kirol Astean

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 28a

Bizi Hadi taldea.

Kirol Astearen egun handia ekainaren 6a izango da, zapatua, herriko kirol elkarteek eskolako patioan egingo duten bazkariarekin eta Zurrategin 12:00etan egingo duten trial erakustaldiarekin. Baina aurreko egunetarako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Udalarekin elkarlanean. 

Arrola Mendizale Taldeak, esaterako, bihar abiatuko du Mendi Erronka, herriko txokoak ezagutarazteko. Eskaneatzeko kontrol-puntuak jarri dituzte herri-eskolan, San Josen, Kaxetan, San Martzialen, Trekutzen eta Arrolan, hainbat zozketatan parte-hartzea ahalbidetuz.

Ekainak 2an, martitzena, 18:30ean, Torresoroan, kirol egokituari buruzko mahai-inguruan egingo dute berba Xabat Askasibar pilotariak eta Joseba Azkarate txirrindulariak, Jon Balentziaga kazetariak dinamizatuta. Hilaren 5ean, gainera, Azkarate bera kide den Bizi Hadi talde inklusiboa aurkezteko eguna ospatuko dute Zurrategin, 17:00etan. Bertaratzen direnek atletismoko aulki zein handbikeak probatzeko eta sariak irabazteko hainbat zozketatan parte hartzeko aukera izango dute. Gainera, txikienentzat margotzeko eta txapak egiteko tailerra egingo dute, eta, bukaeran, argazki erraldoia aterako dute Bizi Hadi elkarteko Gar maskotarekin. 

Gimnasia erritmikoari ere emango diote ikusgarritasuna, Naroa Perezek erakustaldia egingo baitu ekainaren 3an, eguaztena, 17:00etan, frontoian.

Bestetik, pilotazaleek hitzordu berezia izango dute ekainaren 4an, osteguna, 17:00etan, Antzuolako txapelketako finalekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak