Ospakizunetarako eguna izan da gaurkoa, aurten AKEren etxea izan den Agorrosinen –Eztalako berdegunearen aldaketarengatik jokatu dute bertan–. Igoera matematikoki lortura, ligako azken partidua jokatu dute zaleen aurrean. Bero itogarria egin duen arren, AKEk antolatutako barra libreak freskatu du giroa, eta epaileak amaiera adierazi duenean, pankartak, bengalak eta xanpaina atera dute.
Porrotarekin amaitu dute
Hernaniren aurka jokatutako norgehiagokari dagokionean, AKEk 0-2 galdu du. Bigarren zati hasierako txartel gorri batek baldintzatu du partidua, eta hamarrekin gola sartzeko aukera izan badute ere, luze egin zaie azken txanpa jokalariek. Hala ere, emaitzak ez du ospakizunetan eragin. Antzuolak laugarren postuan eta 30 punturekin amaitu du Erregional mailako igoera fasea, jokatutako hamabost partiduetatik bederatzi irabazi ostean.