Gazte gara gazte

"Lesio barik finalera iristeko gai izango ote nintzen jakin nahi nuke; nik badakit baietz"

Eki Letona Erretolatza 2026ko maiatzaren 22a

Sagas, ikurrinarekin, 'El conquis' saioan. Argazkia: EITB

Gaztetatik barruan zeraman ametsa bete du Eneko Sagastumek (Antzuola, 2001): El conquistador del Caribe EITBko saioa barrutik bizitzea. Abentura gogorra, emozioz betea eta bizitza markatu diona izan dela aitortu du antzuolarrak. Lesio batek haren bidea eten bazuen ere, esperientziekin eta jasotako babesarekin geratu da.

Nolakoa izan da El conquis esperientzia barrutik bizitzea?

Programara joatea txikitatik izan da nire amets bat, eta barrutik bizitzea izugarria izan da. Oso gogorra da, espero nuena baino gogorragoa, baina, aldi berean, betetako amets bat ere bai. Ni asko aldatu nau; bizitza aldatzen duen esperientzia da.

Zein izan da momentu aberasgarriena?

Programak bizitza ikusteko modua aldatzen dizu. Gainera, bihotz handiko jende asko ezagutu dut. Barruan bizi diren kontakizunek eta sentimenduek harreman oso bereziak sortzen dituzte. Momenturik berezienetako bat lehenengo ikurrina altxatu genuenekoa izan zen, labirintoaren jokoan; ezin dut hitzez azaldu zer sentitu nuen. Momentu aberasgarri asko daude, nor bere buruarekin bakarrik egoten ikasten da, muturreko egoeretan lasaitzen eta egoerari aurre egiten. Askotan, buruak une txarrak pasarazten ditu; batez ere, kanpamentu kaskarretan: lokatza, usaina, eltxoak…

Telebistan ikusten zenuena eta bizi izan duzuna ezberdinak dira?

Bai, oso ezberdina da. Azkenean, reality bat da, telebistan ikusten dena baino askoz gogorragoa da barrutik bizitzea. Etxetik erraza dirudi, baina han egon behar da. Gainera, telebistan agertzen ez diren ordu asko daude: egoera onak eta txarrak, elkarrizketak, isiltasunak… Oso esperientzia desberdina da.
 
Zerk harritu zaitu gehien esperientzia osoan?
 
Gehien harritu nauena jendearen izaera izan da. Muturreko egoeretan pertsonak asko aldatzen dira, eta, askotan, benetako nortasuna ateratzen da. Bestetik, asko harritu nau pertsonok dugun sufrimendurako gaitasunak ere. Medikuak askotan etortzen zitzaizkigun, eta konturatzen zara pertsona bat zenbateraino irits daitekeen osasunetik, fisikoki eta mentalki.
 
Nola baloratzen duzu zure parte-hartzea?
 
Nire parte-hartzea ontzat jotzen dut. Kanpoan eta barruan pertsona bera izan naizela ikusi dut, eta horrekin gustura nago. Pena ematen dit, oso prestatuta nengoelako eta lesio batek lehiaketatik kanpo utzi ninduelako. Aukera handiak ikusten nizkion neure buruari urrun heltzeko. Hala ere, jendearen maitasun handia jaso dut: kanporatu eta hurrengo egunean, 32.000 mezu jaso nituen.
 
Aspalditik zenuen Conquis-era joateko ametsa?
 
Oso txikitatik. Gogoratzen dut txikitan telebista pizten nuela eta amak ohera bidaltzen ninduela. Gero, aitaitarekin ikusten nuen programa, eta noizbait joango nintzela esaten nion.
 
Aukera bazenu, zer aldatuko zenuke programan bizi izandakotik?
 
Lesioa aldatuko nuke, zalantzarik gabe. Eta, agian, talde gorrira joateko erabakia. Baina gustatuko litzaidake jakitea, osasuntsu egonda, benetan gai ote nintzen finalera iristeko; eta nik badakit baietz.
 
Zein momentu errepikatuko zenuke berriz? Eta zein ez?
 
Sartzeko ilusioa: lehenengo egunak, ezagutu dudan jendea, lehenengo ikurrina… Berriro bizi nahi ez nituzkeenak, ordea, momentu gogorrak lirateke: liskarrak, kanporaketetako sufrimendua eta, batez ere, lesioa. Oso gogorra izan da niretzat.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak