Irain Motor Kirol Klubak laugarrenez antolatu duen Ramon Aldasororen oroimenezko Antzuolako Triala jokatuko da bihar, 15:00etan. Euskadiko Trial Txapelketarako puntuagarria izango da lehiaketa, eta, guztira, 59 parte-hartzailek eman dute izena. Moto gidariek hamar gune puntuagarri dituen bederatzi kilometroko zirkuituari bi itzuli eman beharko dizkiote, eta lehiakide bakoitzak gune horietan egiten duen denbora eta abilezia hartuko dute kontuan epaileek. Parte-hartzaileak zazpi kategoriatan banatuta egongo dira: alde batetik, kimuak eta gazte mailakoak; eta seniorretan, klasikoak, TR1, TR2, TR3 eta TR4 mailetako moto gidariak. TR1 mailako gidariak dira, hain zuzen, hamar gune horietan oztopo zailenak gainditu beharko dituztenak eta moto gainean esperientzia handien dutenak.
Hiru debagoiendar
Hamar gunek osatzen duten zirkuituari bi itzuli eman beharko dizkiote pilotuek
Debagoiendarrak ere ez dira faltako Antzuolan. Irain Motor Kirol Kluba ordezkatuko duten zazpi lehiakideen artean, gazte mailako Unax Urzelai antzuolarra eta TR1 mailako Aitor Murua aretxabaletarra ariko dira. Oliver Galvez Iraineko kide eta probako antolatzaileak azaldu duenez, "taldeko promes gazteena" da Urzelai; Murua, berriz, TR1 mailako "faboritoetako" bat da –hirugarren dago Euskadiko Trial Txapelketako sailkapen orokorrean–. Horiekin batera, TR1 mailan era independentean parte hartuko duen Valentin Padilla aretxabaletarra ere bertan izango da, eta hura ere kontuan hartzekoa izango da azken garaipenari begira, laugarren sailkatuta baitago Euskadiko Txapelketan.
Hiru debagoeindarrek, ordea, ez dute lan erraza izango: Nafarroatik, Errioxatik, Kantabriatik eta Frantziatik etorritako jendearen aurka ariko dira. Horien artean, Carlos Monreal –Espainiako Txapelketako liderra TR3 mailan– edo Euskadiko Txapelketako liderra Xuban Iragorri –Irain klubeko kidea hura ere–.
Babesleekin "eskertuta"
Triala antolatzen hasi zirenetik laugarren urtea izango da aurtengoa, eta orain artekoaren balorazio "oso positiboa" egin du Galvezek: "Kristoren giroa egoten da urtero. Antzuolako jende guztia etortzen da eta boluntario ugari izaten ditugu epaile lanetan aritzeko. Gainera, Goizper enpresaren laguntza eskertu nahiko nuke; gainontzeko babesleak eta Antzuolako Udala ahaztu gabe, berebizikoa da ekarpen hori". Galvezek gaineratu du Malagan beste lehiaketa bat dagoela, eta horrek Antzuolan egon zitezkeen moto gidari batzuen baja eragingo duela, baina, hala ere, parte-hartzearekin ere "pozik" dago.
Lehiaketaren amaieran, antolatzaileek luntxa jarriko dute, "jende guztiarendako zabalik" egongo dena. Horregatik, amaitzeko, jendea bertaratzera animatu gura izan du Galvezek.