Igoera faseko hamasei taldeetatik lehen laurak dira igotzekoak Gorengo mailara, eta horietako bat izango da Antzuola matematikoki. Bi denboraldi behar izan ditu kategoria horretara itzultzeko: "Igoera fasea ez zutela nahi bezala hasi, baina segituan eman genion buelta. Ekipo gaztea izan arren, konfiantza handiarekin ibili gara. Denboraldi osoan bi porrot besterik ez ditugu jaso. Poliki-poliki igo gintezkeela sinisten joan gara, eta azken neurketetan gertu ikusi dugu helburua", azaldu du Unai Murgiondo entrenatzaileak.
Defentsan "salto handia" eman dutela nabarmendu du, aurreko denboraldiekin alderatuta. Talde osoak mentalki "askoz indar handiagoa" erakutsi izana jo du gol gutxi jasotzearen arrazoi nagusitzat. Erasoan, bestetik, "elkar ondo ezagutzen duten jokalariak" izan ditu bere esanetara, gazte mailatik zein beste talde batzuetatik etorritakoak: "Antzuolakoak ez diren bi bakarrik ditugu gure artean, baina urteak daramatzate gurekin. Lehen momentutik ikusi da aurten inoiz baino gol aukera gehiago sortu ditugula. Hori izan da hainbeste gol eta puntu lortzearen oinarria. Aurten baloia jokatzen oso ondo moldatu gara, aurrealdean jokalari abilak dauzkagula aprobetxatuta. Ohiko joko zuzena egin arren, baloi jabetza gurea izaten saiatu izan gara".
Eztalan, datorren denboraldian
Bergarako Ipintza zelaian jokatu dituzte etxeko partiduak azarotik hona, Eztalako zelaiko belarra aldatzen aritu baitira ordutik. Dagoeneko AKEko haur eta gazte kategoriatakoak asteburuetan bertan jokatzen hasi diren arren, nagusien taldeak nahiago izan du Bergaran jokatzen jarraitu: "Izan ere, kautxu berriak hezetasun handia hartu du, eta berdegunearen zati batzuk ezegonkor daude, lesio-arriskua areagotzea ekarrita. Zelaia udaran sikatuko da ganoraz eta orduan etorriko dira berriz makinekin zapaltzera, hezetasuna beherantz xurgatzeko".
Hala, Eztala arlo fisikoa lantzeko erabili izan dute astean behin, baina gainontzeko entrenamenduak Bergara eta Soraluze artean egin dituzte, horrek suposatu duen esfortzuarekin: "Taldeak konpromiso handia erakutsi du, zailtasunak zailtasun. Igoera faseko hamabost partiduetatik hamabostak jokatu ditugu Eztalatik kanpo; sekulako meritua dute jokalariek".
Larunbatean, 16:30ean jokatuko dute Bergaran, kasu honetan Agorrosinen. Hernani B izango dute aurkari lehiatik baino gehiago ospakizunetik izango duen norgehiagokan.
Datorren denboraldiari begira, etxea gotorleku egiten saiatuko dira, berriz. "Aurkariek dezente sufritzen dutela jakinda, gakoa izango da guretzat Eztalan sendo aritzea".