Eguraldiagatik, aurreikusitakoa baino postu gutxiago jarri dituzte Antzuolako San Isidro Ferian, baina hori ez da aitzakia izan etxean geratzeko. Diana Pineda ingurumen teknikariak azaldu du feria badela lehen sektorearendako erakusleiho: "Antzuolako baserri giroa sustatu eta ikusarazi herritarrei zer dagoen eta zenbat lan egiten duten".
Goizean goizetik abereak jarri dituzte ikusgai herriko plazan. Galardi baserritik etorri den Auritz Guridi abeltzain antzuolarrak lehendabizikoz jarri ditu ikusgai bere animaliak, nahiz eta aurreko urteetan "eskua bota" duen: "Egunero gabiltza animaliekin eta lan bat gehiago da animaliak feriara ekartzea. Bestetan, feriak ikustera joan naiz, jendearekin egon eta berba egitera, baina nire animaliak ez ditut sekula jaitsi. Lau moxal eta beste sasiardi batzuk ekarri ditut".
Aitzaga baserriko Ibai Igartzak dagoeneko badaramatza urte batzuk feriara animaliak ikusgai jartzen eta aitortu du, "mutikotatik" ibili direla San Isidro Ferian. Aurtengoan ardiak ekarri ditu: "Behirik ezin denez ekarri ardiak eta behorrak ikusten dira gaur. Gure kasuan, etxean ez daukagu behirik, eta guri ez digu asko eragin". Halako feriek lehen sektoreari ikusgarritasuna ematen dietela dio: "Guretzat lana izaten da, baina gustatzen zaigu herrian jendeak ikustea zer daukagun etxean eta erakusteko aukera".
Bertako ekoizleen produktuak salgai
Antzuolako ekoizleen produktuak erosteko aukera ere egon da azokan. Esaterako, Galartza baserriko produktuak: etxean egindako txistorrak, txorizoak, odolkiak, tripakiak eta mermeladak. Dagoeneko hiru urte daramatzate postuak jartzen, eta hango Leire Etxeberriak azaldu du herritarrek eskertu egiten dutela herriko ekoizleen produktuak azokan ikustea: "Hurbildu egiten dira, galdetu egiten dute eta erosi egiten dute".
Antzuolak Aiherrarekin du senidetza eta hango Jamattitt Duhalde eta Eñaut Elosegi ere Antzuolara etorri dira Xedarria baserriko ardi gaztarekin eta Sasiko garagarnoa-rekin. Hiru urte daramatza Duhaldek Antzuolako San Isidro Feriara etortzen, eta Elosegirendako lehendabiziko aldia izan da. "Antzuolarekin harreman handia daukagu, eta Jammattitt urtero etortzen da Antzuolako lagunek deituta, eta aurten ni ere etorri naiz, dio Elosegik. Antzuolako feria "berezia" dela irizten dio Duhaldek herrikoia delako: "Gehienak ezagunak ditut. Gainera, duela 15 bat urte ere etorri ginen beste ekoizle batzuekin eta duela urte batzuk berriro gonbidatu gintuzten. Niretzat erosle onak dira antzuolarrak. Uste dut harreman horrek ere laguntzen duela hori".