Herriko Plaza Antzuolako askotariko artisau eta ekoizleen plaza bilakatuko da maiatzaren 16ko goizean zehar, San Isidro azokak agintzen duen legez. Lehenengo ordutik, hogei postu inguruk eta ganaduzaleek ekarritako animalien hamar eremuk beteko dute erdigunea. Zaldiak, ardiak, ahariak, astoak, ahuntzak, moxalak eta behorrak jarriko dituzte ikusgai, oro har.
Baserritarren artean, azokara hutsik egiten ez dutenek hartuko dute parte, baita behorrak eta ardiak estreinakoz ekarriko dituen Auritz Guridik ere. Badira sei urte ganaduarekin aritzen dela, eta, dioenez, aurten erakustearen alde egin du: "Horrek dakarren lanak eta ardurak baino pisu handiagoa duelako herritarrek lehen sektorean dihardugunen berri izatea". Gazteen presentzia Gutxi diren arren, "gogotsu" dabiltza antzuolar baserritar gazteak aurrera egin guran. Azokak haien jardunari bultzada ematen diela aipatu du Guridik: "Adibidez, gazta-dastaketarekin batera egiten den txapelketak balio du artzainen lanari balioa emateko". Hala, Trekutzen elkartuko dira, elkarrekin bazkaldu eta harremanak sendotzeko.
Denetik, denentzat
Animalietatik eratorritako elikagaiak ez ezik, bestelako lehengaiak ere eskura izango dituzte bisitariek; besteak beste, Anelkarren bidezko nekazaritza produktuak, Mieltxo taloak, La Varilla Magicaren goxoak, AKEren arropak eta norbanakoen salgaiak –ukenduak, xaboiak, olioak, erretxina, eskuz jositako arropak, zilarrezko osagarriak, bitxiak, material artistikoa, garagardoa eta sagardoa–. Meaka-Irimo plataformak, bestalde, gazta baten pisua asmatzeko lehiaketa jarriko du abian, taldearen jarduna ezagutarazteko dinamika moduan.
EKITALDIZ BETETAKO ASTEBURUA
Hilak 16, zapatua
• 09:30ean, plazan, ganadua eta salmenta-postuak.
• 12:00etan, kalejira, txistulariekin eta trikitilariekin.
• 12:30ean, plazan, sagardoa eta Antzuolako eta Aiherrako gazta dastaketa.
• 18:00etan, frontoian, San Isidro pilota txapelketako finalak.
• 19:00etan, Zurrategin, erromeria, Gauargirekin.
Hilak 17, domeka
• 11:00etan, Ibarrako zelaian, Antzuolako III. artzain-txakur txapelketa.
Lehiakideak: Bittor Bengoetxea eta Puppy, Igor Elordi eta Lagun, Javier Gastañaga eta Cool, Manuel Gorriti eta Turbo, Mikel Pagazartundua eta Lay, Xabier Gastañaga eta Sandy.