Narrugintza gogoratzeko erakustokia egiten dabiltza Narruolako kideak

Hasier Larrea 2026ko apirilaren 30a

Narruolako kideak, kontserbatzen dituzten materialak erakusten.

Larru-ontzaile ofizioa garrantzitsua izan zen Antzuolan, eta horren memoria mantentzeko hainbat ekimen dauzkate eskuartean. Tartean, iraganeko Telleria lantegiaren alboan kokatuko duten polea-sistema. 

 "Zurratzailearen estatua da Antzuola larru-ontzearen ofizioaz lotzen duen ebidentzia bakarra, eta jende askok, batez ere belaunaldi gazteek, ez dute ezerekin identifikatzen". XIX. eta XX. mendeen artean hain garrantzitsuak izan ziren narrugintza-lantegiek, eta horietan lan egin zutenek, ahanzturan ez erortzea merezi dutela sinistuta, Iñigo Ramirez de Okarizek, Joxe Mari Iturbek, Basili Ormazabalek, Imanol Garmendiak eta Bittor Arbuluk osatzen duten Narruola taldeak urteak daramatza garai haien lekukotza adierazten duten material apurrak mantentzen eta katalogatzen.

Buztinzuri kalean, lehenago Telleria fabrika izan zenaren beheko pisuan, egiten dituzte lanok, baita Errekalde auzoan Udalak orain gutxi laga dien lokal batean ere: "Jakina da Udalak jubilatuek erabiltzeko gunea egokituko duela Buztinzuriko lokal honetan, beraz, hemendik Errekaldera lekualdatuko gara. Bien bitartean, gure herriko ondarea begi bistan jartzeko lanak borobiltzen gabiltza", adierazi du Iñigo Ramirez de Okarizek.

Lehengo lanen erakusgarri

Balizko lekualdatze horrek azeleratu egin du taldekideen jarduna. Proiektua berrartu zuten duela hainbat hilabete, lokalean dauden materialei hautsa kentze aldera. Udalarekin elkarlanean, hainbat egitasmori bide eman nahian dabiltza, eta horietako batean dute orain arreta jarrita: "Gure lehentasuna Telleria lantokiaren aldameneko plazatxoan orain diseinatzen gabiltzan erakustoki bat jartzea da, lehen asko erabiltzen zen polea-sisteman ardaztuta dagoena. Ardatz horiek erakustokikoa baino luzeagoak ziren, eta makina bat baino gehiago jartzen zuten martxan motor bakarra erabilita. Gaur egungo lantegietan normalean makina bakoitzak motor bat daukan bezala, iraganean, polea-sistemak erabilita, makina berri bat egokitu zezaketen polea berri bati lotuta, eta, modu horretan, beste makinek erabiltzen zuten motor berera egoten zen konektatuta", azaldu du Joxe Mari Iturbek.

Azpiegiturak sistema hori martxan jartzeko aukera emango luke, egun konkretu batzuetan: "Adibidez, larrugintza ikustarazteko egitarauren bat antolatuko balitz, kable batekin elektrizitatera konektatu ahal izango litzateke, nola funtzionatzen zuen ikusteko".

Prozesu horren bitartez lortzen zuten gizonezko langileek hiltegitik zetorren larru gogorra zurratzea, material meheagoa lortuz. Telleriako beheko pisu horretan egiten zuten "lan gogor eta busti" hori, oraindik jatorrizko ardatza dagoen tokian. Gero, eraikin bereko goiko tailerrean jarraitzen zuen prozesuak: "Behin sikatutakoan, emakumeen eskuetara iristen zen larrua, eta militarrentzako edota nekazarientzako zorroak, arnesak, gerrikoak, kartutxo-uhalak eta zapatak elaboratzen hasten ziren, orratza, haria eta egurrezko aliketak erabilita. Antzuolako emakume asko aritu ziren langintza sofistikatu horretan, behatzak gogor-gogor eginda".

Birziklatutako materialekin

Emakume haiei keinu egin guran, euren eskuekin egindakoak osagarri batzuk jarriko dituzte ikusgai erakustokian. Hain zuzen, altzariaren elementu guztiak dira antzinako fabriketatik berreskuratutakoak, egur-egitura ere bai. "Lau detaile" errematatu ondoren, txaparekin babestuko dute kanpoaldea, eta aurrealdean kristal bat jarri. Azkenik, panel txiki batek azalduko du zer motatako tresneriaz osatuta dagoen erakustokia.

Bestelako ekimenak

Esan bezala, Narruola taldeko kideak egitasmo horretan daude orain buru-belarri, baina badituzte zerrendatuta Udalarekin kontrastatutako txosten batean aurrera eramateko kontu gehiago ere: "Esaterako, Olaran etxean zurratzaileen ofizioaren lekukotza jasotzen duten argazki zahar batzuk zintzilikatzea, Zurrategi plazako estatuaren azpian larrugintzaren historia ilustratzeko baldosa txiki batzuk instalatzea, edota udaletxean dauden garai hartako hainbat dokumentu katalogatu eta txukun jartzea, begi onez ikusi dute Udalean, eta epemugarik finkatuta ez dagoen arren, gure proposamen guztiak egingo direla espero dugu", aipatu du Ramirez de Okarizek.

Ekimen horiekin guztiekin Bareño, Lamariano eta Galartza-Arbulu lantegien legatua ere aterako litzateke argitara, narrugintzaren historia Telleriako ondarera mugatzea saihestuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak