"Polarizazio global eta arriskutsuaz" ohartarazi du Antzuola-Palestina elkarteak

Hasier Larrea 2026ko apirilaren 25a

Atzo arratsaldean hainbat herritar elkartu ziren Herriko Plazan, mundua kolpatzen ari diren gerra ugarien aurkako jarrera erakusteko, Gerrari eta heriotzaren negozioari ez! lelopean.

Azkenaldian sortu diren gerra inperialistek "herri-burujabetza erasotzen" dutela adierazi dute Antzuola-Palestina elkarteko kideek. Palestinan genozidioak jarraitzen duela esan dute, eta politika sionistek bertako herritarren "desplazamendu behartua" eragin dutela. Iranen kontrako gerra hasi zenetik erasoak gogortu egin direla ere adierazi dute: "Tiroketak, etxeen eta kotxeen suteak, olibondoen uzten suntsiketa, ganadu lapurreta... Hitz batez, palestinarren etorkizuna suntsitzen jarraitzen dute".

Israelen politika sionisten ekintzak arbuiatu dituzte: "Palestinar presoen kontrako heriotza zigorra errazteko legea, Libanoko hegoaldea eta Siriaren parte bat bereganatu izana, Netanyahuk ez duela Libanon pake akordiorik onartuko ez duela esatea", adibidez. 

Era berean, nazioarteko beste gatazka batzuk izan dituzte gogoan, hala-nola  Ukrainakoa, Irangoa, Kubakoa eta Venezuelakoa: "Egoera hauek salatzean, ez dugu esaten erasotuak diren herrien gobernuen izaera defendatzen dugunik. Esaten duguna da potentzia handienek, armatuenek, ez dutela eskubiderik beste herrien etorkizuna indarrez inposatzeko".

Testuinguru beliko horren aurrean, "Mendebaldeari gure ekonomian eta bizi baldintzetan izango duen eraginak bakarrik" ardura diola gaitzetsi dute, "argi utziz zein den gure zoru etikoa, gerraren etika faltari eta ilegalitateari baino gehiago gure poltsikoari begiratuz".

Soldaduzkaren mehatxua

Frantzia eta Alemaniako gobernuek soldaduska berrezartzeko egiten dabiltzan ahalegina dela eta, "adi egotea" tokatzen dela ohartarazi dute, eta Antzuola militarismoaren aurka dagoela gogoratu: "Lehenago ere, soldaduzkari ez esan genion, eta orduko gazteen borroka txalogarriaren ondorioz derrigorrezko soldaduzka bertan behera geratu zen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak