Oihan Azkarate: "Asmoa da gurasoak erretiratzen direnean euren lekukoa hartu eta etxean jarraitzea"

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 24a

Azkarate, gurasoek ardiak dituzten larrean, Gorlan.

Oihan Azkarate antzuolarrak Gomiztegi Artzain Eskolako makila jaso berri du, eta horrenbestez, Artzain berri bat dago Debagoienean. Ez da ofizio arrotza Azkaraterentzat, gurasoek ere artzain gisara jarduten dute-eta.

Apirilaren 16an amaitu zuten ikasturtea Gomiztegi Artzain Eskolako ikasleek. Guztira, hamabi ikaslek hartu dute parte ikasturte honetan; tartean, Oihan Azkarate (Antzuola, 2007) gazteak. Antzuolarrak betidanik izan du harreman zuzena mundu horrekin, gurasoak artzainak eta gaztagileak baitira.

Zerk bultzatuta sartu zinen Gomiztegin ikasten?

Nire etxean artzaintzatik bizi dira eta betidanik ikusi dudan zerbait da. Ze lanbide aukeratu nahi nuen pentsatzen hasi nintzenean, zenbait zalantza izan nituen, baina, azkenean, etxekoen bide beretik jarraitzea erabaki nuen. Oraingoz, behintzat, ideia hori daukat buruan.

Azken orduko erabakia izan zen orduan?

Ez, inoiz ez dut baztertu artzain izatearen ideia. Sinpleki ez nintzen pentsatzen jarri heldutan zein lanbide izan nahi nuen. Ez nion buelta gehiegi ematen gaiari. Erabaki bat hartzeko unea heldu zenean, betidanik ikusi dudan zerbait denez, bide horretatik jarraitzea erabaki nuen. 

19 urte dituzu; ohikoa da horren gazte izanda Gomiztegin ikastea?

Ikasleak, normalean, zaharragoak izaten omen dira, baina aurten nire adineko beste ikasle bat ere bazegoen. Esango nuke ikasturte honetan, orokorrean, ohi baino ikasle gazteagoak izan direla, batez besteko adina jaitsi egin dela. Normalean, 25-30 urte inguruko jendea egoten da.

Etxetik datorkizu artzaintzarekiko harremana; familiaren babesa izatea garrantzitsua da?

Bai, oso garrantzitsua da. Etxekoak baserri-mundutik datozen kasuetan garrantzitsua da euren babesa izatea. Gurasoek asko babestu naute eta oso pozik daude egin dudan hautuarekin. Hala ere, gurasoek beste lanbide bat duten kasuetan babes hori izatea are garrantzitsuagoa dela esango nuke. Egoera horretan dauden pertsonek behar duten bultzada handiagoa da, hutsetik hasten direlako. Erabaki zaila izan daiteke, eta beharrezkoa da gurasoak ondoan izatea.

"Gurasoek asko babestu naute eta oso pozik daude egin dudan hautuarekin"

Praktiketako bat etxean egin duzu; nolako esperientzia izan da?

Ondo joan zen, betiko moduan. Asteburuetan horrela ibiltzen naiz bestela ere, eta eskolarik ez dudanetan baita ere; beraz, ez zait arraroa egin. Normalean baino egun gehiago eman ditut etxean, baina ondo joan dira. Oporrak izango balira bezala ibili naiz, Aste Santu eta udak ere horrela pasatzen ditut.

Etxetik kanpo ere egin dituzu.

Leku askotan ibili naiz: Abadiñon, Aretxabaletan, Zumarragan eta Urretxun. Jende ezberdina ezagutu nahi nuen, etxe ezberdinak ikusi. Bakoitzak lan egiteko modu bat du, eta bakoitzetik gauza batekin edo beste batekin gelditzen zara. Esango nuke erabaki ona izan zela hainbat lekutara joatea. Lanean hastean, pentsatzen jartzen zara leku batean eta bestean zer egiten zuten, eta, modu horretan, zu ere hobetuz zoaz. Gauza bakarra ikustea baino beti izango da aberatsagoa gauza gehiago ikustea, eta ikasitako guztiarekin zure modu propioa osatzea.

Zer ikasi duzue Gomiztegin?

Nire kasuan, hainbat gauza etxetik nekizkien, baina aspektu teorikoan asko lagundu dit; esaterako, gaixotasunen kasuan. Etxean gauza asko egin eta ikasten dira, baina, gero, irakasle batek paper batean idatzita gauza bakoitza zer den azaltzeak asko laguntzen du.

Zein izan da zure egunerokotasuna?

9:00etarako joan behar genuen Gomiztegira. Astelehenetik eguenera klase normala izaten genuen eta egubakoitzetan bisita bat izaten genuen. Klaseak gaika banatuta zeuden; gaixotasunak, gobernatzea edo elikadura bezalako aspektuak jorratzen genituen. 

Badu etorkizunik artzain ofizioak?

Eduki beharko du, edo, bestela, elikagaiak kanpotik ekartzen hasi beharko dugu. Gazta, haragia eta halako produktuak kontsumitzen jarraitu nahi baldin badugu, norbaitek aurrez ekoiztu egin behar ditu. Artzain ofizioak etorkizuna duen gizarteak berak erabakiko du. Pentsatu behar dugu ea bertako produktuak kontsumitu nahi ditugun, nondik datozen jakinda, edo nola hazi diren jakin gabe kanpoko produktuak kontsumitzea nahiago dugun.

"Pentsatu behar dugu ea bertako produktuak kontsumitu nahi ditugun, nondik datozen jakinda, edo nola hazi diren jakin gabe kanpoko produktuak kontsumitzea nahiago dugun"

Zein zailtasun daude lehen sektoretik bizitzen hasteko?

Sektoreak aurrera egiteko belaunaldi aldaketa bat behar da. Baserritar ugari dabiltza erretiroa hartzen, eta ez dute jarraipenik. Bi erabaki har daitezke honen aurrean: Bizimodu hori galtzen utzi edo jarraipena emateko hautua egin. Mundu guztiak jarri beharko du bere aletxoa. Erretiroa hartu duten baserritarrek ikusi behar dute jarraipena izatea nahi baldin badute beraien ustiategiak merkexeago saldu behar dituztela, ekonomiatik harago begiratuta. Bestalde, mundu honetan sartu nahi duenak apustu erreal bat egin behar du, eta dedikazio osoz jardun, hasierak beti izaten dira eta zailak. Baserritarrek, esan bezala, bidea errazten badizute zure partetik ahal den guztia egin behar duzu aurrera jarraitzeko.

Bestelako trabak ere izaten dira?

Bai. Administrazio eta burokrazia aldetik ez da batere erraztasunik jartzen, eta hori puntu garrantzitsu bat da. Gero eta kontrol gehiago daude: inspekzioak, analitikak, izapideak,... Ulertzen dut kontrola eramatea garrantzitsua dela, baina neurri batera arte. Horrenbestekoa da kontrola jendea ezin dela bizi, jendea nazkatuta dago izapide kontu hauekin. Lagundu egin behar da, ez oztopoak jarri.

 

"Gurea ofizio bat gehiago da, beste edozein bezalakoa, eta baloratu egin behar da"

Gomendatuko zenioke zer egin ez dakien gazte bati Gomiztegira joatea?

Nik bai, eta aipatu nahi nuke eskolan ez dela inoiz aukera bat bezala aurkezten. DBH bukatu nuenean etxeko lanbidea zelako pentsatu nuen mundu honetan sartzea, baina, eskolan inork ez dizu esaten Fraisoro edo Gomiztegi bezalako aukerak daudela. Batxilergora edo Lanbide Eskoletara bideratzen zaituzte, baina, baserri munduan sakontzeko aukerekin ahaztu egiten dira. Niri behintzat ez zidaten aukera horren berri eman. Gurea ofizio bat gehiago da, beste edozein bezalakoa, eta baloratu egin behar da.

Ze asmo duzu etorkizunerako?

Egia esan, ez dakit. Fraisoron goi-mailako abeltzaintza zikloa jarriko dute, eta, akaso, bertan emango dut izena. Hala ere, nire asmoa da gurasoak erretiratzen direnean euren lekukoa hartu eta etxean jarraitzea. Etorkizunak buelta asko ematen ditu, eta inoiz ezin da jakin zer gertatuko den, baina hori da nire asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak