Londres alboan kokatuta dagoen Luton izeneko hiri txiki batean bizi da Toheed Ghulam. Pakistanen jaioa da, baina Antzuolan igaro ditu bizitzako urte gehienak; bertakoa du kuadrilla, bertakoa hizkuntza, eta baita futbol taldea ere. Realekoa da txiki txikitatik, eta, noski, hark ere Cartujan ikusi zuen Kopako finala, lagunekin.
Bere bizitzako partidarik "ahaztezinena" ikusi eta asteburua Sevillan igaro ostean, Ingalaterrara bueltatu zen banatzaile lanetan jarraitzeko. Bada, bere asteleheneko hirugarren banaketan, sorpresa galanta hartu zuen Ghulamek, Martin Zubimendi Ibañez izena hurrengo bezero gisa azaldu zitzaionean.

Toheed Ghulam, bere kuadrillako lagunekin; Realaren laugarren Kopa ospatzen, Cartujan. Argazkia: T.G.
Sorpresa "handia"
Asteko egun gehienetan jartzen du Ghulamek Realaren kamiseta: Realak jokatu aurretik, partiduaren egunean, eta osteko egunean. Astelehenerako, Kopako finaletik bi egun igaro baziren ere, oraindik Realaren jertsea jantzita zeraman gazteak. Zubimendik atea zabaldu eta Ghulamek Realaren jertsea jantzita, euskaraz agurtu ziola ikustean, zera esan zuen Arsenaleko jokalariak: "No jodas!". Ghulamek, Antzuolan bizi izandakoa dela kontatu zion Zubimendiri, eta, bide batez, selfie bat ere atera zuten; bitxikeria benetan gertatu zenaren adierazle.
Urtero, Antzuolara
Ghulamek gehitu duenez, urtero "pare bat aldiz" Antzuolara bueltatzen saiatzen da; batez ere jaietan. Lagunekin bidaiak ere antolatzen ditu noizean behin. Reala ikusteko ere ahaleginak egiten ditu: Athleticen aurkako final erdia ikusi zuen Anoetan. Datorren urteari begira, Matarazzoren mutilak Europan "urrun" iristea gurako luke, eta Realak beste titulu bat irabaztea "mundiala" izango litzatekeela aitortu du.