Antzuolako udal pilotalekua nesken esku-pilotaren topagune izango da berriro ere, 2019tik antolatzen diharduten binakako San Isidro pilota txapelketaren harira. Benjaminetatik kadeetara arteko mailetan lehiaketa gutxi zeudela ikusita sortu zuen Olalde Pilota Eskolak ekimena, eta urte gutxian erreferentziazko hitzordu bihurtu da. Pilota eskolako kide den Pedro Iturbek kontatutako pare bat anekdota dira horren lekuko: ""Pentsa, Tuteratik ere etorri izan zaizkigu pilotariak, sekulako afizioa dute han! 2023an, Alize Sagardui goizuetarrak hartu zuen parte, artean alebina zela; aurten, Emakume Master Cup-a irabazi du 14 urterekin".
Hiru jardunaldi, denera
Hasieratik izan du txapelketak elkarte desberdinetako pilotariak elkartzeko helburua. Lehenengo edizioan Antzuola Galeano ahizpek, Olatz Insaustik eta June Garaikoetxeak ordezkatu zuten moduan, aurten zortzikotea aurkeztera iritsi dira Olaldekoak: benjamin eta alebinen arteko kategorian, Enara Zabalo - Paule Alberdi eta Intza Lizarralde - Alaia Insausti bikoteak arituko dira, eta infantil eta kadeteen kategorian, ostera, Garazi Aranburu - Elene Uribesalgo eta Izaro Irizar - Nagore Sanchez bikoteak. Azken bi bikote horiek izango dira, beste hamar bikoterekin batera, txapelketa inauguratuko dutenak. Domekan, hilak 26, 09:30ean hasiko dira indarrak neurtzen, hiruko lau ligaxkatan banatuta. Talde bakoitzeko onenak sailkatuko dira jardunaldiaren amaieran jokatuko diren finalaurrekoetara.
Hori horrela, final handia maiatzaren 16an jokatuko dute, benjamin eta alebin mailako finalarekin batera. Kategoria horren baitako kanporaketak, bestalde, maiatzaren 10ean jokatuko dituzte, eta hemen ere hamabi bikote arituko dira nor baino nor kantxan. Hala, aurten hobetsi dute maila bakoitzeko kanporaketa guztiak egun berean izatea, finalak kontuan hartu gabe, "beste herrietakoak bi aldiz etor daitezen, gehienez".
Pilota goxoekin, hobeto
Pilotariek ondo sailkatuta dauzkate lehentasunak: "Lehenik eta behin, ondo pasatzea, bigarrenik, ondo jokatzea, eta, azkenik, posible bada, irabaztea. Ze, askotan irabazi dezakezu, baina ez zara gustura geratzen. Eta lagunak egitea ere bada asmoa". Zortzitik bostek iaz ere jokatu zuten, eta, aitortu dutenez, "kontrario exijenteak" izan zituzten aurrean. Beste hiruk debuta egingo dute, aurtengo ikasturtean hasi baitira entrenatzen. Guztiek jokatzen dute aurrean, atzean, ezker pareta alboan zein zabalean. Astean behin elkartzen dira, ordubete inguru, baina euren kabuz ere ibiltzen dira pelotan: "Baita euskal dantzetan eta futbolean ere", gehitu dute.
San Isidro txapelketak zer daukan galdetuta, erantzun dute pilota goxoarekin jokatzeko aukera ematen diela: "Kanpora goazenean, tokatu izan zaigu toke gehiagoko pilotekin, mistoekin aritzea, baina ez gara goxoekin bezain eroso sentitzen". Hartara, "tanto luzeagoak eta politagoak" egiten dituzte halako pilotekin aritzen direnean.
