Olalde pilota elkarteak antolatzen duen Atzeko pilota txapelketa herrikoiak harrera beroa izan du, beste urte batez. Asteburu honetan jokatuko dituzte neurketak.
Gaur, ostirala, 17:30ean neurtuko dituzte indarrak buruz buru pilota eskolan diharduten neska-mutilek. 20:00 aldera iritsiko da nagusien txanda. Hiruko ligaxkatan banatuta, bakoitzak bina partidu jokatuko ditu, eta onenek aurrera egingo dute. Gaurko jardunaldiak "gauerdi inguruan" bukatuko direla aurreratu du Olaldeko kide Pedro Iturbek, eta bihar goizean itzuliko direla frontoira: "24 orduko txapelketa moduko bat da; gauean 6-7 ordu geratu, eta biharamunean jarraituko dugu, iluntzera arte".
Herrian erosi, herrian bizi kanpainarekin bat eginez, txartelak saldu eta herriko komertzioetako produktuz osatutako bi sari nagusi banatuko dituzte.