San Josepe kaletik Uzarragara igotzeko edota herrigunetik irteteko bidegurutzean oinezkoek errepidea segurtasunez gurutzatzeko alternatiba bila aritu da Udala. Aldundiari galdeginda, zebra-bidea eta espaloia egokitzeko proposamena iritsi zitzaien bertatik.
Behin balorazio-irizpideak aintzat hartuta eta obra baimendutzat jota, udal ordezkariek jakinarazi dute lanak apiril bukaeran edo maiatz hasieran hasiko dituztela. Excavaciones y Transportes Orsa SL enpresak exekutatuko ditu, 10.429,20 euroko kontratuarekin.
Konponketak espaloian
Bestalde, erreka ondotik doan eta bidegurutzetik metro gutxira dagoen espaloia sendotzeko asmoz, perimetro-egitura bat eraikiko du enpresa horrek, 26.000,72 eurogatik: "Izan ere, espaloi zati bat narriatuta dago, eta hainbat gunetan zoladura hondoratuta eta piezen arteko desnibelak antzeman daitezke", azaldu du Udalak.
Arazo hori "kale azpian dauden lurpeko ur emariek" eragin dutela argitu dute, eta, ondorioz, "espaloia pixkanaka ahultzen" joan dela. Egungo kalteak konpontzeaz aparte, etorkizunera begira antzeko arazoak saihestu gura dituzte. Horregatik, perimetro-egitura bat eraikitzea aurreikusi dute, espaloia sendotu ahal izateko. "Oinezkoen segurtasuna bermatuago egongo da horrela".