Madalena Ortiz, debagoiendarrik nagusiena: "Hamazortzi biloba eta hamazazpi birbiloba dauzkat"

Hasier Larrea 2026ko apirilaren 1a

Duela bi aste argitaratutako Goiena Aldizkarian, Datuetatik Tiraka atalean 100 urtetik gorako debagoiendarrak izan ziren hizpide. Hogei debagoiendarrek gainditu dute adinaren langa hori, eta antzuolar bakarrak: Madalena Ortiz Ruizek (La Carlota, 1921). Bada, 104 urterekin, bera da gaur-gaurkoz debagoiendarrik nagusiena. Adin horretara iristea gutxi balitz, osasuntsu mantentzen da, eta fresko dauzka oroitzapenak.

Madalenaren etxean sartu eta zain dago besaulkian. "Pixka bat urduri dago", esan du Jabi Etxaniz suiak. Besaulkitik jaiki eta komunera joan da. Berehala itzuli da. Kosta egiten du 104 urte dituela sinisteak. Berriz eseri da. Prest dago galderak erantzuteko. 

Madalena, nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Kordoban jaio nintzen, La Carlota izeneko herrian. Bederatzi anai-arreba ginen, eta ni hirugarrena. Garai hartan etxean beti zegoen mugimendua: jende asko, lan asko, eta denok laguntzen. Ez zegoen geldirik egoteko astirik. Etxe ondoko eskolara joaten nintzen, baina etxeko lanak ere egin behar izaten genituen. Gogoan dut eskolako atean bandera bat altxatzen zutela, eskola irekita zegoela jakin genezan. Amak, ikusten zuenean, oihuka esaten zidan: Korri, Malena! Orduan amantala kentzen nuen eta korrika joaten nintzen eskolara. Eta bandera kentzen zutenean, berriz, eskola amaitu zela jakiten genuen eta etxera itzuli behar izaten genuen, lanera.

36ko gerraren ze oroitzapen dituzu? 

15 urte inguru nituen. Gauza gogorrak gogoratzen ditut. Tiroak entzuten genituen askotan. Beldurra zegoen. Herrian gauza oso txarrak egin zituzten. Neska batzuei ilea moztu eta errezino-olioa eman zieten. Oso gauza itsusiak bizi behar izan genituen. Garai hartan jende askok sufritu zuen.

Lana ere, erruz.

Bai, asko. Lurra lantzen genuen, goldea mandoekin eramanda. Hasieran behiak genituen, gero mandoak. Batzuetan hiru gizon eta ni ibiltzen ginen goldea eramaten. Gogorra zen, baina horrela bizi ginen. Ez zen arraroa. Gero, ezkondu eta etxeko lanei eskaini nien dedikazioa, seme-alabak hazteari.

Zenbat seme-alaba izan dituzu?

Zazpi: hiru mutil eta lau neska. Garai hartan familia handiak izatea ohikoa zen. Inguruan hamar edo hamaika seme-alabatako familiak ere bazeuden.

Nolako bizimodua zeneramaten La Carlotan?

Inoiz ez genuen janaririk falta izan. Agian, arropa bai; aste osoan zehar erabiltzen genuen askotan arropa bera. Baina jatekoa beti izan dugu. Senarra sukaldaria zen eta urte osorako prestatzen genituen jakiak: babarrunak, garbantzuak… 

Noiz eta zergatik etorri zineten Antzuolara?

Seme-alabengatik hasi zen dena. Alaba nagusiak mutil-laguna zuen eta hura Euskal Herrira etorri zen lanera, bertako fabrika batera. Gero beste alaba bat etorri zen... Handik gutxira nire senarrak bizkarreko arazo handia izan zuen. Hiru hilabete egon zen ia mugitu ezinik, egurrezko taula batean etzanda. Orduan, seme-alabek esan ziguten: Zatozte hona. Antzuolako Zabale baserrian bizitzeko aukera eman ziguten. Horrela erabaki genuen etortzea, 1965ean. 

Gogoratzen duzu hona iritsi zineteneko lehenengo eguna? 

Bai, oso ondo. Furgoneta batean etorri ginen eta urtebeteko alaba Madak pixa egin zezan gelditzen ginen. Errepide bazterrean, kontrako norabidean egiten zuen oinez; La Carlotara itzuli gura zuen! Antzuolara iristean, ekaitz handi batek egin zigun ondoetorria. Bidea lokatzez beteta zegoen eta pixka bat itxaron behar izan genuen aurrera egiteko. Pentsatu nuen: Ai ama… nola hartu gaituen leku honek!

Eguraldiak, zakar; baina antzuolarrek, nola hartu zintuzteten?

Ondo baino hobeto. Auzokoekin beti oso ondo moldatu izan gara. Lagun asko egin ditugu. Euskaraz hitz egiten zutenez, nik ez nuen ezer ulertzen, noski. Baina beti errespetuz jokatu dute. Denborarekin, euskaraz hitz egiten zutenean, txipa aldatu eta gaztelaniaz azaltzen zidaten esandakoa. Aipatzen zuten: ea, Madalena dagoela!  Hori ez dut sekula ahaztuko.

"Etxean bezala, kalean ere 'Abuelita' deitzen naute; guztien amona naiz!"

Nola atera zenuten bizimodua hemen?

Senarra osasuntsuagoa zegoenez, Bergarako Sabino Gallastegiren enpresan hasi zen lanean, igeltsero bezala. Neu Gorlako babes-etxean ibili nintzen lanean, eta egunero oinez joaten nintzen. Eta, esaterako, nire lau seme-alabek Hilaturas enpresan jardun zuten. 

Ba al zeneukan La Carlotara noizean behin behin bisitan joateko ohitura?

Bai, urtean behin gutxienez joaten ginen. Badauzkat familiako kideak han bizitzen. Azkenaldian ez naiz joan, ordea. La Carlota nire sustraietako herria da, baina nik beti esaten dut nire herria Antzuola dela.

Bizitza erdia baino gehiago egin duzu hemen. Arrasto handia utzi duzu.

Hamazortzi biloba ditut: hamabi neska eta sei mutil. Eta hamazazpi birbiloba! Denak elkartzen garenean, sekulako jendetza! Lehen biloben urtebetetze guztiak gogoratzen nituen. Koaderno batean neuzkan apuntatuta.

90 urte bete zitueneko familia-argazkia. 

Paseatzeko gogoa mantentzen duzu oraindik, ezta?

Bai, ahal dudanean irteten naiz buelta bat ematera. Beti izan naiz mugimendu handiko pertsona, ezin naiz geldirik egon. Batzuetan etxean bueltaka ibiltzen naiz eta pentsatzen dut, hainbeste ibilita, egunen batean lurra hondoratuko dudala!

"Etxean bueltaka nabilenean, sarritan pentsatzen dut lurra hondoratuko dudala"

Jendeak ondo ezagutzen zaitu ikusten zaituenean.

Bai, askok Abuelita deitzen naute, etxekoek bezala. Denen amona naiz eta! Kalera ateratzen naizenean, jende askorekin gelditzen naiz hitz egiten. Bueltatxo bat emateko ordubete behar izaten dut batzuetan. Egia esan, ez daukat inorengatik gaizki-esaka ibiltzeko motiborik.

Hainbeste urte eta horren osasuntsu bizitzeko, zer egin behar da? Badago edaberik?

Ez dakit sekreturik dagoen. Zortea daukat, oso gutxitan gaixotu naizelako. Pandemia garaian ere ez nuen gorabeherarik izan. Medikuarengana joateko beharrik ez daukat eta medikamenturik ere ez dut hartzen. Esan dezakedana da denetik jaten dudala. Barazkiak, etxeko gauzak… dena gustatzen zait. Beno, gauza bat ez: arkumea.

Zergatik?

Txikia nintzela arkume txiki bat hazi nuen biberoiarekin. Etxean ibiltzen zen, katua balitz bezala. Handitu zenean saldu egin zuten… eta ordutik pena ematen dit. Horregatik ez dut arkumerik jaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak