Senegalen borondatezko osasun zerbitzua ematen, urteetako solidaritateari esker

Hasier Larrea 2026ko martxoaren 19a

Diembereng herrixkan –Bakaikoa behean, ezkerretik lehena–.

Oporretan sortutako ideia batek Senegalgo Casamance eremuko Diembering herrixkan urteroko egonaldiak egitera eraman zuen Kristina Bakaikoa, 2000ko hamarkada hasieran. Erizain-laguntzaileak Anelkarren bitartez jarduten du han. 

Zumarragako ospitaleko erizain-laguntzailea ofizioz, bertako hiru lankiderekin batera ibiltzen da negu garaian Senegalera bizpahiru hilabeteko joan-etorriak egiten Kristina Bakaikoa antzuolarra; bereziki, hango amaetxean laguntzeko. Badira aste batzuk handik itzuli zela, "beti bezala, pilak kargatuta", eta, hango herritarrek ohi duten eran, etxeko ateak zabalduta jaso du GOIENAren bisita.

Esperientzia turistiko hutsa zena nola bilakatu zen ekimen solidario jarraikor kontatu du lehendabizi: "Legendunen egoitza bat bisitatu, eta azaldu ziguten ur-bonba bat eta eskolarako materiala erosteko premia zutela. Itzuleran, Antzuolako Anelkar GKEra jo nuen hango egoera aurkezteko, eta Antzuola mailako kanpaina bat egin genuen, eskola ere tartean zela. Hurrengo urtean itzuli ginen, bidalitako material haren jarraipena egiteko. Orduan, Escolapios ordenako moja kataluniar batzuk ezagutu nituen. Urteak zeramatzaten neskatoen eta emakumeen heziketa akademikoa bultzatzeko lanean, eta, osasun langileak ginenez, Diemberingeko amaetxean lan egitera gonbidatu gintuzten. Ordutik, badira hogei urte baino gehiago hutsik egin barik etortzen garela".

Behar denerako prest

Sendaketa-zerbitzua ematen dute gehien, "kontuan hartuta Senegalen ez dagoela gizarte-segurantzarik eta jendeak saihestu egiten duela sendaketak jasotzea, diru faltagatik". Zumarragako ospitaleak sendaketetarako materiala lagatzen die, baita medikamentuak ere, "prezio sinbolikoan saltzeko". Lan boluntario horretaz gain, bestelako jardueretan ere parte hartzen dute: "Eskolan irakaslea falta dela, paretak margotu behar direla, norbait etxean gaixo dagoela... abisua jaso eta gure ekarpena egiten dugu, ahal dugun neurrian. Esaterako, jende nagusiari azazkalak eta ilea mozten dizkiogu".

Hala ere, argi esaten du hango herritarrek ez dutela haien beharrik, "bestela ere ondo funtzionatzen dutelako". Eta ematen dutenarekin baino gehiago, jasotzen dutenarekin geratzen dela: "Oso solidarioak eta alaiak dira senegaldarrak; arrautzak erostera irten, eta ordubete egoten naiz batekin eta bestearekin berriketan, normalean, frantsesez, baina hango hizkuntza ere [kuwaataay-a] banabil menperatzen. Beste aspektu garrantzitsu bat da erlijioen arteko bizikidetza; herrialde musulmana izan arren, gu joaten garen eremuan animistak dira, eta kristauak ere badaude. Komunitate batek festa antolatzen badu, beste komunitateek ere parte hartzen dute. Eta, noski, hango paraje naturalak oso ederrak dira".

Bakaikoa, etxean. 

Iaz 35.000 euro bideratu zituen Anelkarrek proiektu solidarioetara; tartean, Senegalera

Solidaritatearen indarra

Anelkar elkarteak gertutik jarraitzen du parte hartzen duen proiektuen bilakaera, Escolapio ordenako mojen bitartez, eta Bakaikoa ere izaten da antzuolarrentzako informazio-iturri: "Esaterako, Kolda hirian 300 haurrentzako haurtzaindegi bat ireki berri dute, eta lehen eta bigarren hezkuntzarako zentroak eraikitzekotan daude. Eraikuntzak nola doazen ikusteko, irudiekin etortzen naiz bueltan". Gehitu duenez, "demasekoa" da herritarrek erakusten duten elkartasuna. Iaz, esaterako, 35.000 euro bideratu zituen Anelkarrek Kongo, Sahara eta Senegalgo ekimenetara. Diru horren zati handi bat merienda solidarioetatik edota Santa Ageda eguneko kantalditik eskuratzen dute: "Esaten diedanean goiz bakarrean 600 euro lortu ditugula, flipatu egiten dute!". Era berean, Bakaikoak gogora ekarri du Udalaren eta hainbat enpresaren inplikazioa, eta, Antzuolan egiten duten moduan, beste herri batzuetan ere badabiltza dirulaguntzak bilatzen; adibidez, "Zumarragan, Tolosan eta Lazkaon".

Ateak zabalik

Halako proiektuek etengabeko hauspoa eskatzen dutenez, gazteei egin die dei, "probatzera" ausartzeko: "Trebea zaren hori egiten erakusteko gogoa izatea nahikoa da hara joateko, besoak zabalik hartuko zaituzte!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak