Hausnarketari bidea irekiz, ipuin palestinarren irakurketa arrakastatsua egin dute Torresoroan

Koldo Zubia Salas 2026ko martxoaren 14a

Antzuolako Torresoroa aretoa lepo bete zen atzo, Antzuola-Palestina taldeak proposatutako ariketa berezian. Xabier Monasteriok euskaratutako Palestinako Samira Azzam idazlearen lau ipuinen kontaketa egin zuten, musikaz lagunduta, eta hausnarketarako bidea emanez. 

Xabier Monasteriok, Beste urte batez liburuan, Samira Azzamen Out of time liburu-bildumako bederatzi kontakizun euskaratu zituen iaz. Horietako batzuk hautatu, eta, Torresoroan, jendaurrera ekartzeko ideia izan zuten Antzuola-Palestina taldekoek.

Irakurle taldeko kideak arduratu ziren errezitaldiaz; Salomon Urmaeletara bidean, Kalterik ez, Zetazko ametsa eta Bizikleta gurpilen puzgailua ipuinak izan ziren aukeratuak, eta horiek irakurri zituzten. Musika jartzeko ardura, ostera, Antzuolako abesbatzako 23 kideek eta sei musikarik izan zuten. Hain zuzen ere, abesbatzakoek eman zioten hasiera ekitaldiari, Laboaren Baga-Biga abestuz. Musikariek bestalde, ipuinen arteko tarteetan palestinar jatorriko doinuak, konpositore ezagunen kantuak eta filmetako soinu bandak jo zituzten. Isiltasunerako tarteak ere izan ziren, hausnarketari bide emateko.

Amaitzeko, Xabier Monasteriok hartu zuen hitza, batez ere, eskerrak emateko. Horrekin batera, bere liburuko ale batzuk salgai jarri zituzten –lortutako dirua Playgrounds For Palestine erakundeari emango diote–. Ekarpen boluntarioak ere egin ahal izan ziren ikuskizunaren amaieran, horretarako gaitu zuten kutxa batean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak