Arrola Mendik antolatuta, Eskolarteko ibilaldi neurtuak domekan

Eki Letona Erretolatza 2026ko martxoaren 13a

Domekan  Eskolarteko XXXVIII. Mendi Lehiaketako Ibilaldi Neurtuak egingo dituzte Gipuzkoako bost herritan: Lezon, Hernanin, Azkoitian, Lazkaon eta Antzuolan. Gipuzkoako ikastetxeetako ikasle guztiek izango dute parte hartzeko aukera, Eskola Mendizaletasuneko Lehiaketan izena emanda dutenek zein izena eman gabe daudenek.

Debagoiena eta Debabarreneko hitzordua Antzuolan izango da aurten, eta antolaketa lanetan Arrola Mendi Taldea dabil. Julian Ramirez de Okarizek azaldu duenez, ekimena Gipuzkoako Mendi Federazioak sustatzen du eta urtero eskualdeka antolatzen da: "Urtero eskualdeko herri bati tokatzen zaio antolatzea, eta aurten gure kasuan Arrola Mendi Taldeari tokatu zaio. Debagoiena eta Debabarrena elkartuta egiten dugu ibilaldi neurtua".

Bi ibilbide aukeran

Irteera domekan 09:30ean izango da Antzuolako herriko plazan, eta amaiera ere bertan izango dute parte-hartzaileek. Antolatzaileek bi ibilbide prestatu dituzte: bat motza eta bestea luzeagoa.

Ibilbide motzak 6-7 kilometro inguruko luzera izango du, eta San Martzial ermitara igoko dira parte-hartzaileak. Ibilbide luzeak, berriz, 9,5 kilometro inguruko distantzia izango du: lehenengo Usarragara igoko dira, eta handik San Martzial ermitara; ondoren, bide bera jarraituta jaitsiko dira herrira.

Ramírez de Okarizek azaldu du antolaketa bi zatitan banatzen dela: "Federazioak antolatzen du zati bat, federazioaren kontuak eta materialaren banaketa, esaterako. Beste zatia mendi elkartearen esku geratzen da: ibilbideak pentsatu, egunean bertako lanak egin, lunch-a antolatu, seinaleak jarri eta kontrol puntuetan egon".

Izen-ematea eskoletan

Eskolarteko jarduera denez, izen-emateak ikastetxeen bidez egiten dira nagusiki. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dute domekan bertan ere parte hartu ahal izango dela, aurrez izena eman gabe joanez gero.

Antzuolan azken aldiz 2018an egin zituzten ibilaldi neurtuak, eta orduan 400 lagun inguruk hartu zuten parte, haur, gazte eta helduen artean. Aurten ere antzeko parte-hartzea espero dute.

Antolatzaileek gaineratu dutenez, eguraldiak baldintzatu dezake jardunaldia: "Gogo handia dugu, baina zalantza beti eguraldia izaten da. Iragarpena ez da oso ona, eta umeekin egiten diren ekintzetan asko baldintzatzen du". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak