Urte luzez txapelketaren antolaketan egindako lanagatik eskerrak eman zizkioten. Izan ere, Antzuolan mus txapelketa martxan jartzeko lanean aritu da hasieratik. "Duela 17 urte hasi zen txapelketa. Seguratik etorri zitzaidan errekadua, eta nik heldu egin nion", azaldu du.
Hasierako urteetan bakarrik aritu zen lanean: "Hamar urte inguru egin nituen bakarrik antolatzen. Gero, taldea sortu zen, eta gaur egun zazpi lagun gaude". Kortabarriak dio gaur egungo talde barik ez lukeela jarraituko: "Omenaldi hau denona da; taldekiderik gabe, ez nuke jarraituko".
Gainera, aitortu du ez zuela espero: "Nire inguruko jendeak antolatu zuen eta nik ez nekien ezer. Harrituta gelditu nintzen, eta oso eskertuta". 74 urte betetzear dagoela kontatu du, eta pixkanaka ardura nagusiak uzteko asmoa duela. "Beste urte bat jarraituko dut, seguruenik. Ondo nago oraindik, baina pixkanaka laguntzen jarraituko dut eta buru izateari utziko diot. Nekagarria da".
Musaren aldeko zaletasuna
Kortabarriak betidanik izan du musarekiko zaletasuna, eta jokoaren izaera azpimarratu du: "Ni beti izan naiz mus-zalea. Hau Euskal Herriko jokoa da, eta gustatuko litzaidake hala mantentzea. Handia, txikia, pareak, enbidoa, hordagoa… denak euskal hitzak dira".
Txapelketetan giroa zaintzea ere ezinbestekotzat jotzen du: "Parte-hartzaileei eta ikusleei beti esaten diet errespetuz jokatzeko, euskaraz eta garbi".
Emakumeak animatzeko deia
Musaren munduan oraindik gizonezkoak nagusi direla aitortu du: "Zoritxarrez, gehienak gizonezkoak gara. Emakumeak ere tarteka aritzen dira, eta nik animatuko nituzke parte hartzera. Joko honek ez du galtzeko ezer, eta irabazteko asko".
Herritarren laguntza
Antzuolan egiten duten herriko txapelketan sari handiak banatzen dituztela azaldu du, herritarren laguntzari esker: "Eskatzen irteten gara eta herritarrek asko ematen digute. Horrela, sari banaketa handia egiten dugu, eta hori ere eskertzekoa da". Hala ere, haren ustez, musaren benetako helburua ez da irabaztea: "Txapelketa irabaztea beti gustukoa da, baina helburua ezin da hori bakarrik izan. Ondo pasatzea, parte hartzea, harremanak egitea eta lagunartean ibiltzea da garrantzitsua".
Antzuolarren parte-hartzea
Aurtengo Gipuzkoako finalean 134 bikote aritu ziren lehian. Horietatik 32 sailkatu dira Euskal Herriko finalerako. Antzuolaren kasuan, bost bikotek lortu dute sailkapena, eta Kortabarriak bereziki azpimarratu du datua: "Bost bikote sailkatzea ikaragarria da. Normalean, bi edo hiru joaten dira, baina bost ez. Etxean jokatzeak ere lagundu du, agian".
Final handian edozeinek irabaztea gustatuko litzaiokeela dio: "Irabazten duenak irabazten duela, ni pozik egongo naiz. Onenek eta suerte handien dutenek irabaziko dute". Parte hartzera animatzeko deia Kortabarriak, gainera, parte-hartzea sustatzearen garrantzia nabarmendu du. Aurten kanporaketarik izan ez duten herriak aipatu ditu: Aretxabaleta, Elgeta eta Leintz Gatzaga. "Herri bakoitzean kanporaketa antolatzera animatuko nuke. Ez dira 40 bikote behar; lau bikoterekin ere egin daiteke, eta, horrela, herriko bikote bat joango litza- teke lurraldeko finalera".
Final handia, Villabona-Amasan
Euskal Herriko 17. Mus Txapelketako finala martxoaren 28an jokatuko dute, Villabona-Amasan. Guztira, zazpi herrialdeetako 128 bikote ariko dira lehian. Lurraldeka honela banatuko dira: Arabatik 16 bikote, Bizkaitik 10, Nafarroa Beheretik 18, Gipuzkoatik 32, Nafarroa Garaitik 32, Lapurditik 14 eta Zuberoatik 6. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurten parte-hartze handia izan du txapelketak, eta guztira 2.690 bikotek baino gehiagok hartu dute parte.