Herrian eragile aktiboa da Antzuola-Palestina elkartea, bertako kideek gogoz heltzen diete ekitaldi aldarrikatzaileak antolatzeko erronkari. Ostiralekoa, mimoz prestatzeaz gain, hainbat lagunen borondateari esker aterako dute aurrera. Gotzon Iparragirrek kontatu du Ipuin musikatuak Palestinaren alde emanaldiaren jatorria zein den: "Goienagusik antolatutako Xabier Lizardiri buruzko hitzaldi batean, Xabier Monasterio ezagutu genuen, hizlaria zen-eta. Han zegoen pertsona batek esan zigun Palestinako idazle baten ipuinak argitaratu zituela Beste urte batez liburuan, eta ederra izango litzatekeela hango kontaketekin saio musikatu bat egitea. Ideia hori Antzuola-Palestina taldean garatu, eta Xabierrekin harremanetan jarri ginen".
Berehala jaso zuten Monasterioren babesa eta emanaldiari itxura emateari ekin zioten. Zailena liburuko pasarteak aukeratzea izan dela adierazi du Iparragirrek: "Oreka bilatu gura genuen ipuinetako protagonisten, gaien eta garaien artean; kostata, baina lau kontaketa izango dira taularatuko ditugunak: Salomon Urmaeletara bidean, Kalterik ez, Zetazko ametsa eta Bizikleta gurpilen puzgailua".
Irakurle taldeko kideak arduratuko dira errezitaldiaz. Usoa Agirrek, esaterako, Zetazko ametsa irakurriko du: "Jantzi denda batean lan egiten duen neska behartsu baten istorioan datza, eta kontatzen du nola gustatuko litzaiokeen jantzi horietako bat erostea", azaldu du Agirrek. Bat egiten du Iparragirreren ikuspegiarekin, "idazleak egoera krudelak pertsonaia maitagarri eta hunkigarriekin kontatzeko duen gaitasuna" nabarmentzerakoan.
Izan ere, Samira Azzan kontakizun laburren aitzindari gisa da ezaguna Palestinan. 1927an jaio zen eta 40 urte ingururekin hil zen, bihotzekoak jota. Idazlea ez ezik, irakaslea ere izan zen, eta erbestean egin zituen hainbat urte. 1948ko Nakbaren ondorioz Libanora egin zuen ihes, eta Iraken ere bizi izan zen geroago. Kuriositate moduan, Iparragirrek aipatu du kristaua zela, eta musulmanekin "oso armonia onean" bizi zela, haren garaiko "elkarbizitza erlijiosoaren" adibide.
Estetika zaindua
Azzanen eta palestinar herriaren erresistentzia omentzeko ekitaldian Antzuolako abesbatzak eta sei musikarik ere hartuko dute parte. Abesbatzako 23 kideek hasiko dute ikuskizuna: Laboaren Baga-Biga abestuko dute, Xabier Barriolaren aginte makila jarraituta. Musikariek ipuinen arteko tarteetan joko dituzte instrumentuak. Palestinar jatorriko doinuekin, konpositore ezagunen kantuekin eta filmetako soinu bandekin osatu dute errepertorioa: "Gladiator, Marakeb, Spiegel im Spiegel eta On the Nature of Daylight-en moldaketa batzuk taularatuko dituzte. Azpimarratzekoa da musikari taldea osatzeko Marije Ugaldek egin duen lana eta partiturak idazteko Enrique Txurrukaren ekarpena", aipatu du Iparragirrek.
Zirkinik ere entzungo ez diren uneak ere egongo dira, hausnarketari bide emateko. Azkenik, Xabier Monasteriok hartuko du hitza, "tarte labur batean lau esker emateko". Aurreratu duenez, Beste urte batez liburuko ale batzuk jarriko ditu salgai, eta lortutako dirua Playgrounds For Palestine erakundeari emango dio. Helmuga bera izango du ikuskizunaren amaieran egokituko duten kutxatxoan pilatutako ekarpen boluntarioak.
Ariketaren asmoetako bat "adin-tarte guztietakoak, eta, batez ere, gazteak", etortzea dela esan dute antolatzaileek.
"Sentimenduetatik sortutako ekimena da hau; hunkituta nago"

XABIER MONASTERIO, IDAZLEA
Idazle eta editore bilbotarrak Samira Azzamen Out of time liburu-bildumako bederatzi kontakizun euskaratu zituen iaz. Durangoko Azokan aurkeztu zuen ipuin-sorta, Beste urte batez tituluarekin.
Nolatan sortu zitzaizun Palestinako literaturan sakontzeko gogoa?
Maiatz aldean, telebistan hildako ume batzuen irudiak enegarren aldiz ikusterakoan negarra etorri zitzaidanean, liburugintzaren alorretik zerbait egitea erabaki, eta hango idazleen lanak ikertzen hasi nintzen. Ghassan Kanafani idazle handiarekin egin nuen topo. Mossadek hil zuen, 1972an. Saiatu arren, ezin izan nuen haren ondorengoekin harremanetan jarri. Baina jakin nuen Kanafanik Samira Azzam zuela eredu, eta hark bazuen liburu bat ingelesez irakurri zitekeena [Out of time].
Hango 31 ipuinetatik, bederatzi euskaratu dituzu.
Ikusi nuen ipuinak hiru ardatzetan zeudela sailkatuta: batetik, Nakbaren garaia; bestetik, gai sozialak, hau da, pobrezia eta bazterkeria; eta, azkenik, emakumearen egoera eta duintasuna. Hiru ipuin aukeratu nituen ardatz bakoitzetik.
Egindakoarekin gustura zaude?
Azzamen ipuinak asko gustatu zaizkit eta balio izan dit Palestinako gizarteari buruz zerbait jakiteko. Baina onena bide honetan aurkitu dudan solidaritatea izan da. Out of time argitaratu zuen etxeari [Arablit] esan nionean itzulpenagatik lortutako irabaziak GKE bati emango nizkiola, proposatu zidan iheslarien kanpamenduetan jolas parketxo batzuk ipintzen dituen Playgrounds For Palestine erakundeari bidaltzea dirua. Eta kolofoia Antzuolako herriarekin heldu da. Haiek jarri ziren nirekin kontaktuan, eta hunkituta nago ostiraleko ekitaldiaren atzean dagoen lanketa, interes eta elkartasun guztiarekin. Sentimenduetatik sortutako proiektu honi beste sentimendu batzuek erantzun diote.