Bost urteren ostean, berriz ere bueltan. Gogotsu zaudete?
Halaxe da! 2021eko martxoan izan ginen Antzuolan, Luze edo motz ikuskizunarekin, eta oso oroitzapen politak dauzkagu. Publiko oso beroa da antzuolarra. Espero dugu domekakoak antzeko oroitzapenak utziko dizkigula.
Orduko hartan, hilekoarekin, emakumeen masturbazioarekin, menopausiarekin eta halako gaiekin eragin zenituzten algarak. Oraingoan, zeri buruz jardungo duzue?
Hainbat gai jorratuko ditugu. Adibidez, señora izatea, etxeko lanak, elkarbizitza, puzkerrak, sexua... Edonori gertatzen zaizkion gauzak dira, grazia pixka batekin kontatuta. Kontaketetan gure egunerokotasunetik abiatzen gara, eta gauza txikiei buelta ematen diegu; eztandarazi egiten ditugu.
Graziarena berezkoa da ala ikasi egin daiteke?
Landu egin daiteke, baina berezkotik izan behar du. Adibidez, ni [Mirari] beti izan naiz gauzak kontatzekoa. Inguruan beti sortu izan dut barre-algara. Lagun batek gomendatu zidan bakarrizketak egiten hasteko, lortzen nuelako jendeak nire ateraldiei arreta jartzea. Horrela hasi nintzen bakarrizketekin; egia esan, gaztetxotan ez zitzaidan ezta burutik pasa! Denborarekin egiten eta egiten ikasten duzu nola kontatu gauzak, zure estiloa zein den. Publikoak sinetsi egin behar du kontatzen duzun hori. Nahiz eta asmatua izan, pentsatzea benetan gertatu zaizkigula gauza asko, edo gehienak.
"Mirari diesela da; Idoia, gasolina: erritmo desberdinek orekatzen dute emanaldia"
Zein da, bada, zuen publikoa?
Ez da kasualitatea gure emanaldietara datozen gehienak 28-30 urtetik gorako emakumeak izatea. Ez dago emakumeentzako bakarrik pentsatuta, baina identifikazio-maila handiena eurekin lortzen dugu.
2017an osatu zenuten bakarrizketari bikotea eta dagoeneko laugarren ikuskizuna aurkeztu duzue.
Bai; ZtandaP hirugarrena da eta bira-amaieran gaude. Bien bitartean, otsailean Eskailerapekoa aurkeztu genuen. Guztiak doaz ildo beretik, emakumeen kontuei buruz... Baina oraindik ikusten dugu badagoela zer kontatua. Jendeak barre egiteko gogoa du, eta guk barre eginaraztekoa. Ilusioz bizi dugu dei bakoitza eta emanaldi bakoitza.
Zein unetan erabakitzen duzue ikuskizun berria sortzea?
Ehungarren emanaldira hurbiltzen garenean. Autoan denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, eta hausnarketak partekatzen ditugu. Egosten joaten gara, sukaldeko lana egiten. Gero, ideia bat dugunean, izenburua eta estetika –txaketaren kolorea…– definitzen dugu, eta ondoren hasten gara idazten. Garrantzitsua da, baita ere, estreinaldi eguna jartzea. Modu horretan, konpromisoa hartu eta epeak betetzera iristen zara.
"Oso erreferente onak izan ditugu: Kontxu Odriozola, Elena Irureta, Ane Gabarain…"
Zer ematen dio bakoitzak saioari?
Oso osagarriak gara, gauzak kontatzeko modu oso ezberdina eduki arren. Idoia gasolina da, hitz egiteko eta oholtzan mugitzeko daukan moduagatik; eta Mirari, diesela. Geldi egoten da; esajeratu-eta bai egiten du, baina beste erritmo batean. Horrek emanaldiari oreka ematen dio.
Zeintzuk izan dituzue ispilu?
Gurean stand-up formaturik, bere horretan, ez da egon, baina umorerako joera bai. Antzerkian oso erreferente onak izan ditugu: Kontxu Odriozola, Elena Irureta, Ane Gabarain… Bazeuden ETBn hainbat programa: Funtzioa, Bi eta bat, Wazemank… Jon Plazaola, Txiki eta Pagadi ere hasiak ziren bakarrizketari. Gaur egun stand-up olatua bizi dugula esan genezake, hein batean, Barre librea saioak eraginda. Badabil kuadrilla polita!