Jardunaldian, mende laurdena ospatzeaz gain, Mexikoko proiektuak Erreka Taldean eta Mondragon Korporazioaren ekosisteman izan duen eragina nabarmendu dute: "Urteko 20 milioi eurotik gorako fakturazioa eta 150 langiletik gorako taldea dituen filiala dugu Mexikon, eta taldearen nazioarteko estrategiaren funtsezko eragile gisa sendotu du bere posizioa", azaldu dute Errekako arduradunek.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Marco A. Del Prete, Queretaroko Garapen Jasangarriko idazkaria; Arkaitz Etxezarreta, Erreka Taldeko zuzendari nagusia; eta Arturo Alvarado Hierro, Mondragon Korporazioko ordezkaria Mexikon. Horrez gain, Erreka Mexikoko zuzendari nagusi Luis Alberto Pérez González ere bertan izan zen. "Urteurrenak atzera begiratzeko eta Mexikon abentura kooperatibo hau nola eraiki den ulertzeko balio izan du, baina baita etorkizuneko proiektuaz eta Errekak datozen urteetan izango dituen erronkez hitz egiteko ere", adierazi dute. Errekak Mondragoneko lehen kooperatibetako bat ezarri zuen Mexikon, "gaur egun korporazioak herrialdean duen enpresa-kontzentraziorik handiena sendotuz".
Etorkizunera begira
Denera, 500 pertsonatik gorako lan-taldea du Errekak, eta 75 milioi eurotik gorako fakturazioa azken ekitaldian. Sei ezarpen produktibo ditu hiru kontinentetan, eta salmenta guztien % 71,4 nazioartekoak dira.
Bere 4 negozio-ildoekin –Plastics, Smart Fastening, Medical eta Connected Access–, Errekak zerbitzuen eta produktuen eskaintza dibertsifikatu du, dibertsifikazio-estrategia berrikuntza irekian oinarrituta. Hurrengo erronken artean, "berrikuntza teknologikoa, jasangarritasuna, lehiakortasun globala eta talentuaren garapena" zerrendatu dituzte.