Iñigo Alzola eta Maider Unanue izan dira bizkorrenak Antzuolako 8 Miliak lasterketan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko otsailaren 21a

Antzuolako 8 Miliak lasterketa jokatu da gaur goizean eta Iñigo Alzola eta Maider Unanue izan dira bizkorrenak; 302 parte-hartzailerekin, emakumezkoen presentzia nabarmentzekoa izan da aurten. Korrikalariak eta antolatzaileak "pozik" geratu dira lasterketak emandakoarekin. 

Eguzki izpiek lagunduta baina aste osoko euriak utzitako lokatzari aurre eginez jokatu da aurtengo Debagoieneko lehen mendi hitzordua; Antzuolako 8 miliak proba. 13,8 kilometroko ibilbidea egiteko, 302 parte-hartzaile batu dira goizeko 10:30etan Herriko Plazan, horietatik 90 emakumezkoak.  Goiza fresko eta behelaino artean abiatu bada ere, giro aparta nagusitu da ibilbide osoan zehar; Irimoko tontorrean zein bide bazterretan animo ozenak entzun dira etengabe.

Gizonezkoetan, faborituen artean zegoen Iñigo Alzola arrasatearra (1:04:57) izan da garaile, iaz hirugarren izan ostean, aurten koska bat gora egin du. Arrasatearrak "dena ematera" etorri dela adierazi digu lasterketa aurretik eta hala egin du, lehenengo minututik bidea ireki eta bizkorrena izanik. Mendian barik errepidean aritu da azken aldian, baina Antzuolako lasterketarako urtero dago "gogotsu". 

Alzolaren atzetik, lehia estua izan dute Beñat Ibañez (1:05:18) eta Aimar Larrea antzuolarrak (1:05:39); batera iritsi dira Irimoko gurutzera, bigarren postua lehiatu beharko zela iragarriz. Azkenean, Ibañezek eskuratu du bigarren postua eta Larreak, etxekoen animo artean, podiuma osatu du. 

Aurten emakume gehiago

Emakumezkoetan Maider Unanuek debut bikaina egin du. Lehen aldiz parte hartu du Antzuolako proban eta 1:20:50eko denborarekin garaipena lortu du, hasieratik sendo arituta. "Erortzeko beldurrez" jaitsi bada ere, "gustora" gelditu da egindako markarekin. Irati Larrañagak (1:22:34) egin du bigarren; Usurbildarra izan arren, hiru urte arte Antzuolan bizita, etxean sentitu da gaurko lasterketan. Igoera "gogorra" egin bazaio ere, jeisteko lokatza gustuko duela adierazi digu. Hirugarren postuan helmugaratu da Miren Bastida (1:23:10), podiuma osatuz. 

Beteranoetan emakume bizkorrena Jone Urkizu (1:41:04) izan da eta gizonezkoetan aldiz, Xabier Elkoro antzuolarra (1:16:41). Jone Jauregi (1:30:20) izan da antzuolako emakume azkarrena. 

Gazteentzat tartea

5,5 kilomteroko trail motza egin dute kadete mailako gaztetxoek. Burgostik etorritakoek osatu dute gizonezkoen podiuma, garaile Lucas Gomez Galarza izanda. Emakumeetan aldiz, Nerea Badiola bergararra izan da txapeldun. Antzuolako bizkorrena aldiz, Maddi Torres izan da. 

Lasterketak emandakoaren kontakizuna luze, astelehenean, Harmailatik saioan, 22:00etan, Goiena telebistan.

Erlazionatuak

Antzuolako 8 Miliak lasterketa iruditan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba ots 21, 14:47 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak