Gazte gara gazte

Jon Larrea: "Esan izan didate berriketan baino lehen ikasi nuela bi gurpilen gainean ibiltzen"

Julen Murua Mesonero 2026ko otsailaren 20a

Jon Larrea antzuolarra.

Bergarako Ipintza Institutuan ikasketak bukatu eta Mekanizazioko erdi-mailako zein goi-mailako zikloak egin zituen Jon Larrea Castrok (Antzuola, 2003), Goizperren lanean hasi aurretik. Han dihardu gaur egun, eta "oso gustura", gainera. Txiki-txikitatik lotura estua izan du ibilgailu gurpildunekiko, eta hori da jaitsierako bizikleta lasterketetan zein enduroko motorren lasterketetan parte hartu izanaren arrazoi nagusia.

Mekanizazioaren kontua etxetik datorkizu, ezta?

Baietz esango nuke. Txikitatik aitarekin eta anaiarekin garajean ibili gara motorrak, autoak eta bizikletak gobernatzen, besteak beste. Hortik datorkit makinen munduarekiko grina, eta oso gaztetatik argi izan nuen bide horretatik jo nahi nuela. Goizperren diharduzu gaur egun; ikasi duzun horretan, gainera.

Gustuko tokian aldaparik ez, ezta?

Ikasten ibili naizen urteetan hainbat enpresa ezagutzeko aukera izan dut. Praktikaldiak izan dira guztiak, bat izan ezik, eta esperientzia apur bat ere irabazi dudala uste dut. Gaur egun Goizperren dihardut lanean, oso gustura, eta gustatzen zaizkidan gauzak egiten. Etorkizunean hemen jarraitzea gustatuko litzaidake. Seinale ona izango litzateke.

Gurpil gainean ibili zara betidanik; etxean ikusitakoak nolako garrantzia duen erakusten du horrek?

Baietz esango nuke. Oso-oso txikitatik ibili gara gurpilen gainean; etxean oso trebeak izan gara beti, eta horrek zerikusia duela esango nuke. Gurasoek beti esan izan didate berriketan baino askoz lehenago ikasi nuela bi gurpilen gainean ibiltzen. Nire osaba ere bizikleta munduan dabil oraindik. Lehenengoa izan zen mundu horretan sartzen, eta oraindik hor jarraitzen du egurra ematen!

Pentsatzen dut anaiarekin lasterketetan parte hartzeak ilusio handia egingo zizula, ala?

Askok uste dutena baino handiagoa! Unai beti izan da erreferente bat niretzat. Adin tartea dela eta, bizikleten jaitsiera lasterketetan urte batzuk lehenago hasi zen hura, eta ikustera joaten nintzenean beti pentsatzen nuen nire ametsa harekin batera lasterketetan parte hartzea zela. Azkenean, lortu dugu urte batzuetan batera ibili izatea!

Bizikleta-zalea izanda, Itzulia Antzuolatik igarotzen den egunean jai eskatu beharko diozu arduradunari...

Bai, ezta? Kar-kar! Aurten Euskal Herriko Itzuliko azkenengo etapa Goizpertik abiatzea ona eta harro egotekoa da. Antzuolari bizitasun puntu bat ere emango dio horrek nire ustez. Errepide bazterretik ibiliko gara animatzen, ziur!

Zergatik erabaki zenuen bizikletatik motorrera igarotzea?

Erabakia hartzea oso zaila izan zen niretzat. Niri, txiki-txikitatik, motorrak bizikletak baino gehiago gustatu izan zaizkit. Esango nuke hori aitaren aldetik datorkidala. Apur bat erreta bukatu nuen jaitsiera lasterketekin eta konturatu nintzen ez nuela aurretik nuen ilusio hura. Amak garbi esan zidan: "Bizikletak ala motorrak?". Gaur egun ez naiz damutzen hartutako erabakiarekin.

Bizikletaz eta motorraz gain, zer beste zaletasun dituzu? Zer egiten duzu aisialdian?

Txikitatik kuadrillakoekin ibili izan naiz eta sekula ez gara izan geldi egoten ziren horietakoak. Kirolzaleak izan gara betidanik, eta futbolean, esku-pilotan zein frontenisean jokatu izan dugu, gehienbat. Gaur egun ere noizean behin halako gauzak egitea asko gustatzen zait. Kirolaz gain, bikotekidearekin eta familiarekin denbora pasatzea eta bidaiatzea gustuko ditut.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Olagarroa.
Bidaiatzeko toki bat? Kanariar uharteak.
Irabazi duzun lasterketa bat? Antzuolako mendi jaitsiera, bizikletan.
Poteoan edateko zer? Ardo beltza.
Antzuolako toki bat? Irimo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak