Zerbait ondo dabilenean, ez dago ezer aldatu beharrik. Eta horixe gertatzen zaio larunbateko lasterketari (Herriko Plaza, 10:30). Antzuolako 8 Miliak probaren hamahirugarrena berrikuntza barik dator. Agian, zalantza handiena lehenengo postuetan nortzuk egongo diren jakitea izango da. Argi dagoena da ez direla iazko berberak izango. Ibai Larrea antzuolarra eta Garazi Abasolo aretxabaletarra
txapeldunak ez dira irteeran izango. Ezta gizonezkoen lasterketan bigarren geratu zen Aitor Ajuria otxandiarra ere. "Egia esan, pronostikoa oso irekia dago. Zaila da jakitea nork irabaz dezakeen", esan du antolaketako Gurutz Larreak.
Akaso, iaz hirugarren izan zen Iñigo Alzola arrasatearra egongo da aurreko postuengatik lehian. "Dena ematera joango naiz, eta ahal dudan lan onena egitera. Irabaztearena ez dago bakarrik nire esku", esan dio GOIENAri.
Lokatza ibilbidean
Emakumeen lasterketan ere txapeldun berria egongo da. Abasolo azken orduko baja izango da. Iaz hirugarren egin zuen Ainize Lizarralde antzuolarra bai egongo da, baina bestelako helburu batzuekin. "Laguntzaile lanak egingo ditut. Ahizparekin joango naiz, eta haren erritmora egingo dugu lasterketa, erlojuari begiratu barik. Lasterketa bukatu gura dugu, baina disfrutatuz", kontatu du.
Zalantza barik, disfrutatzeko eta gozatzeko aukera izango dute irteeran egongo diren 300 korrikalariek. Ibilbidean zehar lokatz handia dagoela aurreratu dute antolatzaile taldekoek.
Astelehenean, 'Harmailatik' saioan
Zapatuko mendi lasterketak ematen duen jasotzeko GOIENAren lantaldea egongo da Antzuolan. Lasterketa aurreko eta osteko elkarrizketatxoak, ibilbideko irudiak eta bestelakoak jasoko dituzte. Asteleheneko Harmailatik saioan ikus ahal izango da probaren laburpena, 20:00etan eta 22:00etan.