Aratusteetako zapatua dantza eta musikaz betetakoa izango da

Hasier Larrea 2026ko otsailaren 12a

Goizeko dantzen ostean, 275 lagunek bazkalduko dute frontoian. Arratsaldea Jirabira diskofestak eta Iraunkorrak txarangak girotuko du,

Aratusteetako zapatua goibela izango ei da eguraldiaren aldetik, baina kolorea eta alaitasuna ez dira faltako Antzuolako kaleetan. Euria bada, Herriko Plazaren ordez eskolako patioko aterpea baliatuko dute eguerdiko hamabietako dantza-saioa egiteko. Oinarin dantza taldeko haur, gazte eta helduek zein gerria mugitzera animatzen den herritar orok parte hartuko duten ikuskizunean, sorgin dantzak eta bestelako euskal dantzek hartuko dute protagonismoa.

Oinarineko kideek 10:00etatik jardungo dute kalejiran, Alboradako txistularien doinura, eta Antzuolako mozorro-festari bereizgarria ematen dioten hartzaren, tximinoaren eta hezitzailearen konpainian. Bien bitartean, bazkari herrikoian izena eman duten koadrilek auzolanean jarriko dituzte mahai eta aulkiak frontoian egokituko duten jantokian. 14:30ean eseriko dira 275 lagun mahaiaren bueltan, iaz baino 22 gehiago, Iurretako Zure Menua enpresak zerbitzatutako jakiak dastatzeko.

Arratsaldea musikak girotutakoa izango da. Haurrek Zurrategin aurkituko dute, ateri balego, Jirabira diskoteka, eta euria bada, patioan, 17:00etan. 18:00etan, ostera, Iraunkorrak txaranga hara eta hona ibiliko da hiru orduz abesti entzutetsu eta dantzagarriak jotzen.

Martitzenean, berriz

Otsailaren 17an Landatxope jubilatu elkartean Aratusteetako merienda egingo dute, 18:30ean hasita, eta mozorro onenak dituztenak sarituak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak