Peru Rodriguez: "Futbol ibilbidean aurrera egiteko onartu dut Culturalen eskaintza"

Xabier Urtzelai 2026ko otsailaren 6a

Peru Rodriguez jokalari antzuolarra, joan den domekan, Cultural Leonesak fitxatu berri. Argazkia: Cultural Leonesa.

Joan den domekara arte Sanseko kapitain izan denak Leongo taldeko atzeko lerroa indartuko du. Eta horren beharra dute, jaitsiera postuetan murgilduta daude eta. Cuco Zigandaren taldeak Malagan jokatuko du domekan. "Ez dakit debuta egingo dudan, misterrak erabakiko du hori, baina gogo faltagatik ez da izango".

Peru Rodriguezek (Antzuola, 2002) begiak itxi eta irekitzearekin batera Sanseko kapitain izateari utzi dio, baina Laliga Hipermotionen jokatzen jarraituko du; alegia, garai bateko Bigarren A Mailan. Zapatuan Leonera salto batean joan eta bertatik bertara ikusi ahal izan zuen Cultural Leonesak Deportivoren kontra jokatu zuen norgehiagoka (0-1). Gainera, telebista kamerek harrapatu eta segituan zabaldu zen sare sozialetan antzuolarraren fitxaketa posiblea. Domekan baieztatu zen Reala uzten zuela; goizean aurkeztu zuten Culturaleko jokalari moduan eta arratsaldean taldekide berriekin zen entrenatzen. Hala, Cuco Zigandaren taldea puntu beharrean dago, jaitsiera postuetan sartu berri da eta. Rodriguezek Marbellatik erantzun du GOIENAren deia. "Domekan Malagan jokatzen dugunez, hemen eguraldi hobea izango zen esperantzaz etorri gara, baina hemen ere euria ari du".

Dagoeneko barneratu duzu Reala utzi eta Culturaleko jokalari zarela?

Bai, barneratu dut. Gero, kokatzen garenean ikusiko dugu erabakiarekin asmatu dugun edo ez, baina barneratu dut. Egia esan, azkar batean hartu beharreko erabakia izan da, bi egunetan itxi genuen dena. Domekan kontratua sinatu eta aurkezpena egin ostean entrenatu, eta Antzuolara bueltatu nintzen, trasteak batu eta berriz Leonera etortzeko. Eskerrak astelehenean taldeak jai zuen, eta halakoak egiteko aprobetxatu nuen.

Peru Rordiguez, Culturaleko kirol zuzendari Jose Manzanerarekin, kontratua sinatzen, domekan. Argazkia: Cultural Leonesa.

Zelan hartu zaituzte Leonen?

Oso ondo; egin didaten harrerarekin harrituta geratu naiz, egia esan. Ez nituen taldekideak ezagutzen, batzuen kontra jokatu izan dut, baina ez nuen harremanik eurekin. Joango naiz taldean jendea hobeto ezagutzen, baina ez dut egun hauetako kexarik, ongietorri ona egin didate.

"Ikusten nuen Realeko talde nagusian ez nuela lekurik; sentitzen dudana egin dut"

Zer diren sare sozialak... Kontratua sinatu aurretik, X-n norbait azkar ibil zen...

Bai, ba. Ni ere ezustean harrapatu ninduen kontuak. Kontua da zapatuan partidua ikustera joan nintzenean oraindik ez nintzela Culturaleko jokalari. Aldagelan taldekideekin izan nintzen, partidu aurreko orroa entzun eta aldagelatik irteterakoan konturatu nintzen telebista kamera bat zela ni enfokatzen. Ez dakit, ba, sare sozialetan zabaldu zen kontua edo, baina handik bost minutura harmailetara igo nintzenean jendea gerturatzen hasi zitzaidan, ongietorria egiten, argazkiak ateratzen, eta hasieran ez nuen ezer ulertzen. "Hauek zelan ezagutzen naute?". Kar-kar... Tira, hurrengo goizean aurkeztu ninduten. 

Zerk eraman zaitu Culturalen eskaintza onartzera?

Futbol ibilbidean aurrerapauso bat emateko asmoz erabaki dut Leonera etortzea. Sansen urteak neramatzan ikusten goiko taldean, Realean, ez nuela lekurik. Karanbola asko izan behar ziren ni goiko taldera irits nendin, eta nahiz eta Sansen jokatzen ibili ikusten nuen beheko kategorietatik jokalari oso onak zetozela. Cultural de Leon nire bila etorri denean ez dut zalantzarik izan, sentitzen nuena egin dut. Onartzen dut Sanse orain utzi izanak ez diela mesederik egin, baina Realean ikusi dute niretako aukera ona zela, eta ateak ireki dizkidate. Oso eskertuta nago Realak izan duen jarrerarekin.

Domekan Malagaren kontra debuta egiteko esperantzarekin?

Ez da izango gogo faltagatik... Gero, misterraren erabakia izango da.

Zure alde duzu Laliga Hipermotionen jokatzen zenbiltzala, eta lehiako erritmoa hartuta duen jokalari bat zarela. Ezberdina da lesio batetik zatozenean, edo aspaldi jokatu gabe egon zarenean...

Bai, garbi dago konpetizioko erritmoa badaukadala, eta, akaso, horregatik ere momentu ona zen orain etortzeko. Egia da eginda dagoen talde batera etorri naizela eta postua lortzeko borrokatu egin beharko dudala, baina ez zait erritmorik falta, jokatzen ibili naiz.

Epe motzera ze helburu dituzu?

Leonen gauzak ahalik eta ondoen egitea daukat buruan. Gainera, ikusita azken sei partiduetan Culturalek ez duela norgehiagokarik irabazi, eta jaitsiera postuetan sartu berri gaudela, egoera horri lehenbailehen buelta ematea da lehentasuna.

Taldera batu berri zaudetenok fresko iristen zarete, aldagelara baikortasun apur bat eraman eta... Gainera, Sansen kapitain ere bazinen, eta beste ardura batzuk hartzea zer den ondo jakingo duzu.

Bai, ahalik eta ekarpen handiena egiten saiatuko gara, eta ez nik bakarrik, taldera batu berri garen hiru jokalariok egingo dugu hori, seguru. Uste dut gure ekarpena egin dezakegula, konfiantza hori daukat.

"Sansen jokatzen ibili naiz eta badut txapelketako erritmoa; misterrak erabakiko du"

Gaurkotasuna alde batera utzita, egin dezagun atzera. Iaz Sanserekin mailaz igo zinetenekoak ez dituzu berehalakoan ahaztuko...

Betirako gordeko ditudan oroitzapenak dira haiek. Igoerakoa intentsitate handiko hilabetea izan zen, partidu oso estuak jokatu genituen eta emozio handiko norgehiagokak izan ziren. Igoerako partidua, etxekoekin eta lagunekin ondoan... Sekulakoa izan zen.

GOIENA saiatu zen ondoren zu elkarrizketatzen, baina Eivissara joanda zeundeten. Ondo ospatu zenuten mailaz igo izana?

Bai, baina han egindakoak ezin dira hemen kontatu; karkar.

Antzuolarra, elastiko berriarekin. Argazkia: Cultural Leonesa.

Joan gaitezen atzerago. Non eman zenizkion baloiari lehenengo ostikadak?

Antzuolako patioan. Orduan herrian ez geneukan infantil mailatik beherako talderik, eta alebinak eta benjaminak eskolako patioan ibiltzen ginen. Asteazkenetan elkartzen ginen elkarrekin entrenatzeko, baina benjaminetako bigarren urtean Bergarara joan nintzen futbolean jokatzera. Han bi urte egin nituen, eta Realeko harrobira joan nintzen gero.

"Umetan ez nuen Antzuolan jokatu; bertan amaitu beharko dut kirol ibilbidea"

Horrenbestez, ez duzu Antzuolako elastikoa janzteko aukerarik izan.

Ez, pena hori dut. Beti diot nire kirol ibilbidea Antzuolan amaitu behar dudala.

Urte asko izan dira Realean, joan-etorri dezente egingo zenituen Zubieta eta Antzuola artean...

Bai, asko. Taxian ibiltzen ginen aurrera eta atzera. Antzuolan jasotzen ninduten, eta Legazpin, Zumarragan, Beasainen, Tolosan... taldekideak jasotzen joaten ginen, Zubietara iritsi aurretik. Izan ere, autoz zuzenean eramaten nindutenean 35 minutuan Zubietan geunden, baina taxian ordubete behar izaten genuen. Gipuzkoari itzulia ematen genion...

Motzean

Antzuolako txoko bat?

Antzuolako patioa.

Leonen gomendatu dizuten ezer?

Barrio Humedora joateko esan didate; oraindik ez naiz egon.

Gustuko atzelari bat?

Sergio Ramos.

Janari bat?

Arroza kubatar erara.

Edari bat?

Ura.

Baita zera ere...

Bai, benetan.

Parrandarako toki bat?

Antzuola, herriko jaietan. Egia da futboleko konpromisoak tarteko aspaldian kale egin dudala, baina bai.

Oporretara joateko leku bat?

Salou.

Hondartza ala mendia?

Hondartza.

Antzuolara norbait gonbidatuz gero, ze plan proposatuko zenioke?

AKEren partidu bat ikustera joatea.

Kuadrillakoak ez dira Leonera Zubietara beste joango...

Ez pentsa, pozik daude. Badakite Leon leku oso ona dela asteburu-pasa joateko; kar-kar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak