Emakumeentzako entrenamendu gidatuak martxan Antzuolako udal gimnasioan

Eki Letona Erretolatza 2026ko otsailaren 6a

Udal gimnasioak beste urrats bat egin du emakumeen parte-hartzea sustatzeko helburuarekin: entrenamendu gidatuak ematen hasi dira, eta jada sei emakumek eman dute izena.

Antzuolako udal gimnasioan emakumeentzako entrenamendu gidatuak eskaintzen hasi dira azken asteotan. Ekimenak harrera oso ona izan du hasieratik; emakume batzuek izena eman duten arren, interesa "handiagoa" izan dela nabarmendu dute arduradunek. Izan ere, herriko hainbat emakume informazioa eskatzera joan dira, eta antolatzaileek uste dute ahoz ahokoaren bidez hazten jarraituko duela datozen hilabeteetan.

Ekimena abiarazteko arrazoia argia izan da, Eneko Zumarraga entrenatzailearen esanetan: “Emakume askorekin izandako elkarrizketetatik sortu da ideia. Askok esaten ziguten gimnasioan sartzea kostatu egiten zitzaiela, espazioa oso maskulinizatua ikusten zutelako”. Horri erantzuteko, emakumeentzako seguruago eta erosoagoa izango den aukera sortzea erabaki zuten.

Konfiantza eta segurtasuna

Saioak talde txikietan egingo dira, arreta pertsonalizatua bermatzeko. Indarra eta makinak izango dira ardatz nagusietako bat, baina osasuna eta mugikortasuna ere landuko dituzte. “Emakume bakoitzaren maila, helburuak eta egoera fisikoa kontuan hartuta moldatuko ditugu ariketak, bakoitza bere erritmoan joan dadin”, gaineratu du entrenatzaileak.

Giro lasaia eta epairik gabekoa

Entrenamendu horien oinarrietako bat konfiantzazko giroa sortzea da. “Funtsezkoa da. Giro lasaia eta epairik gabekoa nahi dugu, taldekideak eroso senti daitezen eta entrenamendua esperientzia positiboa izan dadin”, adierazi du Zumarragak. Haren ustez, taldean eta monitorearekin aritzeak "motibazioa" eta "segurtasuna" ematen ditu, eta horrek, ondoren, jarraikortasuna errazten du.

Parte-hartzaileen esperientziak

Entrenamenduetan parte hartzen ari den Josune Kortabarriak azaldu du zerk bultzatu duen izena ematera: "Duela gutxi, ama izan naiz, erditze ondoko aldian nago, eta gorputza indartzeko entrenatzera itzuli nahi nuen. Emakumeei zuzendutako entrenamenduak izanik, momentu ona iruditu zitzaidan".

Lehenago gimnasiora joaten bazen ere, kardio ariketetara mugatzen zen. Orain, esperientzia oso positiboa izaten ari dela dio: "2x1 bezala ikusten dut: entrenatu eta harreman berriak egin". Gainera, azpimarratu du aldean entrenatzeak konpromisoa handitzen duela: "Norberak borondaterik ez badu, besteekin geratuta errazago animatzen da etortzera".

Haren ustez, emakumeen arteko harremanak ere bereziak dira entrenamenduetan: horrek en- trenamenduetara joatea errazten duela nabarmendu du, eta beste emakume batzuk animatuko lituzkeela gaineratu du: "Askotan, lotsa ematen du entrenatzera bakarrik etortzeak, eta entrenatzailearekin eta talde giroarekin animatu egiten zara".

Antzeko esperientzia bizi du Mertxe Aizpuruak ere, duela hilabete batzuk ama izan denak: "Nire alferkeriak bultzatu nau pixka bat. Kirola egin gabe denbora bat neraman eta aitzakia bat behar nuen berriro hasteko". Haurdunaldiaren aurretik gimnasiora joaten bazen ere, kardio ariketak egiten zituen, nagusiki. Indarra lantzeko makinak erabiltzen ez zituela azaldu du, eta entrenamendu horiek horretarako baliagarriak izaten ari zaizkiola: “Gutxinaka, beldurra kentzen ari gara gimnasioari eta makinei, lasaiago gatoz”.

Udalaren babesa, giltzarri

Proiektua Antzuolako Udalaren babesarekin jarri da martxan. Udal gimnasioaren kudeaketa daraman enpresaren koordinatzaile Nuria Rodriguezek azaldu duenez, eskaintza berria behar bati erantzuteko sortu da: "Emakume askori lotsa ematen zien gimnasiora etortzeak, gehienetan gazte asko eta mutilak egoten direlako". Horregatik, Udalak tarte berezi bat eskaintzea erabaki zuen.

Entrenamendu gidatuak astean bitan egingo dituzte: astearteetan 19:00etatik 20:00etara eta ostegunetan 17:00etatik 18:00etara. Tarte horretan gimnasioa edozein erabiltzailerentzat irekita egongo da, baina monitorea ikastaroko emakumeentzat bakarrik izango da. Gainera, bazkide diren emakumeek doan parte hartu ahal izango dute ekimenean.

Autonomiarantz lehen urratsa

Epe ertainera, helburua argia da: emakumeak gimnasioan autonomoak izatea. “Entrenamendua euren egunerokoaren parte bihurtzea eta espazio hau ere eurena dela sentitzea”, laburbildu du Zumarragak. Parte-hartzaileek ere bat egin dute helburu horrekin, eta beste emakume asko animatzera gonbidatu dituzte. “Bakarrik etortzeak lotsa ematen du askotan, baina taldean askoz errazagoa da”, nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak