Realak eta Cultural Leonesak akordioa lortu dute Peru Rodriguezek Leongo taldean joka dezan. Realak eskerrak eman dizkio publikoki antzuolarrari, "klubean egon den urteetan erakutsitako konpromisoagatik, arduragatik eta profesionaltasunagatik". Aldi berean, bere etorkizun pertsonal eta profesionalerako "onena" opa dio.
Rodriguez Sanseko kapitaina izan da joan den denboralditik. Taldeak Ligako bigarren mailara igotzea lortu zuen, eta urtebete gehiagorako luzatu zioten kontratua antzuolarrari. Aurtengo denboraldian, 23 partidutatik 20tan hartu du parte, tartean bi gol sartuta. Txuri-urdinen aurkari zuzena den Cultural Leonesan jokatuko du orain.