Hileko azken astearte goizetan plan berbera errepikatzen dute Meaka-Irimo plataformako kideek. Ingurukoen laguntzarekin Gasteizko Lakua auzora joaten dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrera, arrazoi sinple batengatik. "Capital Energy enpresak, Cilda Energyren bitartez, Irimo mendian egin gura duen Trekutz parke eolikoari jarri genizkion alegazioak erantzun ditzatela eskatzea. Duela bi urte itxi zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak alegazioak jartzeko epea, eta, legez, sei hilabetean jaso behar genituen erantzunak. Baina urte eta erdi igaro da ezertxo ere ez dakigula; ez guk, ezta Udalak ere", azaldu du Meaka Irimo plataformako Fernando Iturbek.
Batzar bat egiteko idatzizko eskaera ere egin zioten Ingurumen Sailari, baina "isiltasuna, besterik ez" dute jaso bueltan. Beraz, politikarien lantokira bertaratzea beste aukerarik ez zuten ikusi. "Noizean behin, hurreratzen zaigu jendea, baina, orokorrean, ez dugu mugimendu handirik sumatu. Gutxienez balio du Irimo mapan kokatu dezaten", azaldu du Iturbek.
"Ez gaude lasai"
2023ko uztaila ezkero da ezaguna Trekutz eta Irimo artean 120 metroko palaz osatutako bi aerosorgailu instalatzeko Capital Energyk egindako eskaera, eta ordutik ez da gaiaren inguruko eguneraketarik egin modu ofizialean.
Inguruan izan da bestelakorik: duela urtebete, Espainiako Gobernuak atzera bota zuen, ingurumen-inpaktua zela eta, Aramaio eta Eskoriatza artean kokatuko zen Itsaraz proiektua, Norvegiako Statkraft enpresarena; eremu berean beste zentral bat egiteko eskaera egin zuen uztailean Alerion Spain enpresak. Berriagoa da, zehazki, urrikoa, Bergarako Basalgo auzoan Arena Power Solar 10 SLU enpresak eskatutako baimena –abendu bukaeran bukatu zen alegazioak aurkezteko epea–.
Antzuolatik gertu dago baita ere Buruzai parke eolikoaren proiektua, Zumarraga, Urretxu eta Azkoiti artean. Trekutzekoaren egoera berean dago, tramitazio fasean. Meaka-Irimo plataformaren ustez, Buruzai eta Trekutz proiektu berbera dira, Capital Energyrenak, eta exijentzia-mailak apaltzeko banandu dituzte: "Izan ere, bi zentraletan sortutako elektrizitatea Ormaiztegiko azpiestaziora eramatea da asmoa. Kontua da 10 megawattetik gorako proiektuak izanez gero zorroztu egiten direla exijentziak; bi proiektutan banatuta, banaka ez dute muga hori gainditzen eta errazagoa egiten zaie baimenak eskuratzea".
Urrunago joanda, Eusko Jaurlaritzak oniritzia emana dio, esaterako, Oionen (Araba) zentral eolikoa egiteari. Hari dagokio eremu hartan baimena ematearen behin betiko erabakia, lurralde bakarraren barruan dagoelako; kasu horretan, Araban. Itsarazek Araba eta Gipuzkoa hartzen zituen, Aramaio eta Eskoriatza, eta horregatik izan zuen azken erabakimena Espainiako Gobernuak; izan ere, Ingurumen Ebaluazioaren Legeak dio bi probintzia baino gehiago zeharkatzen dituzten azpiegitura proiektuek Espainiako Gobernuaren oniritzia behar dutela. Trekutzera itzulita, hortaz, Eusko Jaurlaritzari dagokio azken erabakia hartzea.
Itxaronaldiak "jendea lasaitzea" ekarri duen arren, Meaka-Irimokoek adi jarraitzen dute afera
Baina itxaronaldia luze doa eta horrek "jendea lasaitzea" ekarri du, Iturberen esanetan: "Bestela esanda, erabakirik hartzen ez denez, batzuk sinistuta daude proiektuak ez duela aurrera egingo". Hala ere, plataformakoek adi jarraitzen dute afera: "Izan ere, proiektua onartuz gero, Basalde auzoko eta inguruko baserrietara doan uraren iturburua kutsatu egingo da; hegaztientzat pasabide arriskutsu bilakatuko da ingurua; eta gizakiongan inpaktu negatiboa ekarriko luke, azken finean, Irimo antzuolar eta urretxuarrok mendi kuttuna dugulako, etxetik gertu gutxien industrializatutako parajea".
Beste eredu baten alde
Horren aurrean, Meaka-Irimo plataformak proiektu energetikoak "herritarren iritzia kontuan hartuta" egitea aldarrikatzen du: "Enpresak negozioa egitera datoz, energia berdea ekoiztera baino. Erakunde publikoek lehendabizi galdetu beharko ligukete ze iritzi dugun, gai horren inguruan hitz egitea premiazkoa da eta. Eta, noski, denon ardura da desazkundearen inguruan kontzientziatzea. Horretan jarraituko dugu".