Taldeko entrenatzailea Unai Murgiondo Txano pozik dago taldea erakusten ari den mailarekin: "Oso balorazio positiboa egiten dugu, jokalariek ulertu dute guk eskatutakoa, eta konpromisoa erakusten ari dira". Murgiondok aipatutako konpromisoa berdegunean islatzen jakin du orain arte Antzuolak; azken jardunaldian, Beasainen aurka bina berdinduta lortu zuten lehen postuan amaitzea. "Sentsazio onak izan genituen partida osoan; Beasainek oso aukera gutxi izan zituen, eta guk hori aprobetxatu genuen. Azken minutuetan, zorte pixka batekin berdindu egin zuten, eta pena horrekin gelditu ginen. Hala ere, pozik gaude multzoko lehenengo postua eskuratu genuelako", adierazi du Murgiondok.
Ez dute partidurik galdu
Gaur-gaurkoz, Erregional Mailan lehiarik galdu ez duen talde bakarra da Antzuola. Kontuan hartzeko datuak dira; izan ere, Erregional Mailako sei multzoetan 48 talde aritu dira jokatzen. Dena den, Murgiondok argi du hori "datu bat" bakarrik dela, eta orain hutsetik hasi beharko dutela igoeraren lehian egon nahi badute: "Polita da partidurik galdu ez duen talde bakarra izatea, baina ez digu askorik esaten horrek".
Iaztik hona pauso bat gora egin du taldeak, eta hori emaitzetan ez ezik egunerokotasunean ere islatzen dela dio Murgiondok: "Inoiz baino konpetentzia handiagoa dago aurten, inoiz baino hobeto entrenatzen dira mutilak, eta sekulako konpromisoa dago". Hori, gero, zelaian ikusten da, taldeak ez du inoiz amore ematen". Bide horretan, iazko denboraldiarekin alderatuz, "jarrera" aldatu egin dela nabarmendu du Murgiondok. Gainera, talde gazteagoa izanik, zaharrenek duten "irabazle sena" eta gazteen "ilusioa", biak batu direla aipatu du.
Bigarren fasearen atarian
Asteburu honetan hasiko du Antzuolak denboraldiko bigarren zatia; hau da, igoera fasea. Erregional Mailako sei multzoetako talderik onenak multzo bakarrean lehiatuko dira, eta, orain, guztiek, hutsetik hasita, hamabost jardunaldiko beste liga bat jokatuko dute. Erabakigarria izango da, horrenbestez, hemendik aurrera Antzuolak jokatuko duen partida bakoitza, taldea igoeratik gertu egon ahalko den edo ez jakiteko. Lehen fasean egin bezala, igoera fasea ere "helburu finkorik gabe" hasiko dutela esan du entrenatzaileak: "Egia da jokalariei helburu txiki batzuk jarri dizkiegula, eta, talde bezala, helburu nagusia igoera faserako sailkatzea zela esan daiteke, eta hori lortu dugu". Denboraldiko bigarren zati honetan ere Murgiondok argi du mutilei igoera lehiatzeko ideiak sartzea baino hobea dela, "orain arte bezala, astez aste partidak lehiatzen jarraitzea eta taldeko giroa mantentzea".
Igoera faseko lehenengo norgehiagokan Landetxaren aurka jokatuko dute, Irunen. Murgiondoren ustez, "garrantzitsuak" dira lehiaketa horretan Antzuolak lortu ditzakeen aurreneko puntuak: "Liga asko markatzen duten puntuak izaten dira; ilusio handiarekin dago taldea, eta ea partida lehiatu eta hiru puntuak Antzuolara ekar ditzakegun".
Eztalara bueltatzea "beltz"
Unai Murgiondo: "Ondo moldatu gara Bergaran, baina Eztalan beti izan gara indartsuak"
Bestalde, AKEren berdegunea berritzeko lanetan dihardute azaroa ezkero, eta, lanak, urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten bazen ere, luzatu egin da kontua. "Egia esan, momentuz, beltz ikusten dugu bueltatzea, futbol zelaia ez dago bukatuta eta eguraldiak ere ez du lagundu horretarako", dio Murgiondok. Alde horretatik, jokalari eta kide guztien "esfortzua" ere nabarmendu gura izan du entrenatzaileak: "Sekulako esfortzua egiten ari da taldea, kanpoan entrenatzen, eta inork gustuko ez dituen ordutegietan. Partidak Bergaran jokatzen ditugu, eta entrenatzera Soraluzera ere joaten gara. Talde horiei eskerrak eman nahi dizkiet, euren instalazioetako ateak zabaltzeagatik".
"Orain arte ondo moldatu gara Bergaran, baina Eztalan, geure jendearen aurrean, beti izan gara indartsuak. Ea, zortea bada, laster bueltatzen garen", amaitu du entrenatzaileak.