Lapurretaren ostean, erabilgarri daude Udalaren kamioneta eta mantentze-lanetarako tresneria

Hasier Larrea 2026ko urtarrilaren 23a

Udal langileak, kamioneta konponduaren inguruan, biltegiaren aurrean.

Duela bi hilabete udal biltegian egindako lapurretak 21.280,64 euroko kalteak eragin dizkio Udalari. Pick-up ibilgailua joan den astean jaso zuten konponduta; lorezaintza eta mantentze-lanetarako oinarrizko materiala, ostera, Gabonen aurretik. 

Antzuolako Udaleko brigada eta lorezaintza arloko langileek duela bi hilabete udal biltegian gertatutako lapurretaren ondorioz falta zituzten oinarrizko tresnak eta kamioneta erabilgarri dituzte dagoeneko. Pick-up delako ibilgailuaren konponketa izan da gehien luzatu dena; joan den asteazkenean jaso zuten Oñatiko Berezao tailerrean. Gabonen aurretik iritsi zitzaien, bestalde, mantentze eta lorezaintza lanetarako oinarrizko materiala: besteak beste, bi sasi-garbitzeko makina bat, bi haize-makina, motozerra, ebakigailua, zulagailua eta torloju-makina. Kepa Altube lorezainak adierazi bezala, azaroa eta abendua bitartean, "tresneria barik, lanak eskuz eta hala-nola egiten" jardun behar izan dute: "Tira, okerragoa litzateke udaberrian edo udan geratzea material faltan", gaineratu du. Kamionetaren ordez, bestalde, udal jabetzako kamioiarekin eta furgoneta txikiarekin moldatu dira langileak zaborra jaso eta lorezaintzako lanetarako. 

Ainhoa Calonge aguazilak emandako datuen arabera, ibilgailuaren konponketak 5006,59 euro kostatu du; besteak beste, haizagailua eta erradiadorea aldatu dizkiote, eta barruko lokatz eta ur guztia kendu: "Hainbeste ur sartu zitzaion, entregatu zigutenean oraindik apur bat bustita zegoela", aipatu du aguazilak. Garestiago irten zaie aipatutako tresneria guztiaren erosketa: 16.274,05 euro. 

Sasi garbitzeko makina eta haize-makina berriak. 

Kasua, irekita

Azaroaren 19 eta 20 arteko gauean, ezezagunak Antigua auzoan dagoen udal biltegian sartu ziren indarrez, bertako tresneria lapurtzeko helburuarekin. Biltegi barruko kamioneta ere eraman, eta goizaldean Asentzioko putzuan agertu zen, Elgetan. Aguazila eta Ertzainak bertaratu ziren berehala eta ibilgailua luma garabi batekin ateratzea lortu zuten azkenean. Udalak salaketa ipini zuen, eta biltegiko langileei DNA probak atera zizkieten Bergarako komisarian. Oraindik ez dago lapurretarekin erlazionatutako atxiloturik. 

Azaroaren 20an, Udalaren kamioneta Asentzioko putzu barruan.

Horrekin batera, Udalak gertatutakoaren partea eman dio seguruari, eta martxan dago prozedura. Udalak espero duena da lapurretagatik sortutako kalte guztiak hartzea seguruak bere gain, baita ibilgailuaren konponketa ere, tresneria bezala, biltegi barruan lapurtua izan zelako, putzura bota aurretik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak