Asteburu honetan binakako hainbat partidu jokatuko dituzte Antzuolako pilotariek. Olaldeko frontoian osatuko du bikotea Olatz Insaustik Irati Betegi aretxabaletarrarekin ostiralean, 19:00etan, Lea Ibarrako ordezkariak (Munitibar) aurkari dituztela. Bestalde, larunbatean, 12:00etan, Manex Balerdik Ander Etxaniz bergararraren bizkartzain jardungo du Intxurreko (Alegi) bikotearen aurka.
Etxetik kanpo ere lehiatuko dira antzuolar neska-mutilak. Ostiralean, 18:30ean, Bingen Zabalo eta Aratz Aranburu alebinek Anoetan jokatuko dute; eta Unax Urzelai, Martin Legorburu eta Nagore Sanchez infantilek Añorgan. Bergaran izango dira, ostera, Paul Garitano eta Julen Zabalo alebinak, eta Oñatin infantil mailako lau pilotari: Oier Berraondo eta Jakes Uribesalgo, batetik, eta Urki Iturbe eta Xabier Insausti, bestetik.
Ados enpresaren binakakoa
Domeka goizean, 11:30etan hasita, Ados enpresako zortzi pilotarik binakako txapelketako jaialdian hartuko dute parte, Olalden. Alde batetik, Iriarte–Ernaga bikotea ariko da nor baino nor gehiago Gomez–Sotil bikotearen aurka. Eta, bestetik, Oskoz–Arrastia eta Gomez–Agirre pilotariek neurtuko dituzte indarrak.
Aurretik, 11:00etan, Olalde pilota eskolako nesken txanda izango da: Garazi Aranburuk eta J. Bergarak Izaro Irizarri eta Elene Uribesalgori egingo diete aurre.