Eskolatik kanpo ere, kalean, gune seguruak gura dituzte haurrek, 'bullying'-ik ez gertatzeko

Hasier Larrea 2026ko urtarrilaren 16a

Eskolako haurrak, elkarbizitza batzordeko txartelak soinean, irakasleak eta alkatea.

Herri eskolako ikasleak herri osora hedatuko duten lanketan daude murgilduta. Besteak beste, hainbat txokotan haurrentzako toki seguruak direla adierazteko panelak jarriko dituzte.

Bi urte eta erdi igaro dira Antzuolako Herri Eskolan Ikasleen Elkarbizitza Batzordea sortu zutenetik. Kezkatzen dituzten kontuak tratatzeko elkartzen dira bi astean behin 6 eta 12 urte arteko haurrak, gela bakoitzetik bi ordezkari. Saioetako akta jaso, sinatu eta norbere gelako ikaskideei azaltzen diete ondoren, noizean behin lanak egiteko tartea hartuta.

"Eskolaz gaindiko gaiak izaten dituzte sarri hizpide: grafitiak, buruhandiak, zaborra, eskolako harmailak... Nola sentitzen diren, ze ikuspuntu duten kontatzen dute, eta denon artean saiatzen gara konponbideak topatzen", azaldu du ikastetxeko zuzendari Silvia Ezpeletak. Hark eta beste lau irakaslek egiten dute batzordearen jarraipena; tartean, Nahikari Barriok. Haren esanetan, batzordea oso aproposa da ikasleen artean emozionalki konektatzeko: "Neska-mutilek sentimenduetatik egiten dute berba, eta horrek segituan dakar elkarren artean enpatizatzea".

Kontaketa horietan, ezinbestean irteten den gaia izan da hasieratik bullying-a. Eskolan badute legezko protokoloa jazarpen kasuen aurrean erantzuteko, baita irakaslez osatutako Bullying-aren Aurkako Taldea (BAT) ere. Baina tresnak falta zitzaizkien jazarpen horiek eskolaz kanpo gertatzen zirenean, jakinda "kasu gehienak" kaleko eremuetan gertatzen direla.

Haurrek argi dute

Ikasleen Elkarbizitza Batzordeko kideek azkar batean esan dituzte zeintzuk diren toki horiek: "Torresoroako jolas parkea, eskolako patioa, pumptracka, Eroski alboko plazatxoa, frontoia, liburutegia... Lagunartean eta jolasean egoten garenean gauza desatseginak gertatzen dira batzuetan, begiralerik ez dagoenean inguruan. Ze eskolan seguruago gaude irakasleekin, baina kanpoan ez horrenbeste".

Gertatzen zaizkien gauza arantzatsuak publikoki jakinaraztea konplikatua izan daitekeenez, eskolako sarreran badute postontzi bat, konfidentzialtasuna bermatzen diena: "Euren ezinegonak paperean idatzi, sinatu eta bertan lagata, BATeko irakasleok irakurri eta beharrezkoa bada pertsona horrekin erdi-ezkutuan elkartzen gara, lanketa egiten dugu eta batzuetan batzordera eramaten dugu gaia, zer gertatzen den azaldu eta zer egin dezakegun erabakitzeko".

Identifikazio-logoak

Hain zuzen, hartu duten erabakietako bat jazarpenak gerta daitezkeen eremu horietan panelak jartzea izan da, toki seguruak direla ikustarazteko. Udala arduratuko da plakak egiteaz, baina edukia ikasleen eta irakasleen artean finduko dute. Gela bakoitzean logo bat diseinatu, eta lehiaketa bidez erabakiko dute plaketan islatuko den irudia zein izango den.

Logoaren aldamenean bi dekalogo joango direla ere aurreratu dute irakasleek: bata haurrei begira eta bestea helduei begira. "Helduena Pausoka guraso elkartearekin adostuko dugu; helburua da edozein heldu jabetzea esku-hartzeko eskubidea duela haurren arteko jazarpen-egoeren aurrean. Izan ere, helduok, norbere seme-alabak tartean ez badaude, ezer ez egitea erabakitzen dugu batzuetan; beste aldera begiratzea ere ez da onena".

Haurren ustez, logoa ikusita, "haurrak, gurasoak edo helduak, denak egongo dira adi, eta horrela lortuko dugu inork minik hartzen ez jarraitzea, mina hitz zatarrekin ere hartzen dugulako".

Denen inplikazioarekin

Udaberriko oporrak bitartean izango dute prozesu guztiaren emaitza kalean ikusgarri jartzeko astia. Diotenez, dagoeneko igarri dute bizitako egoera desatsegin batzuek "hobera" egin dutela.

Prozesu horretan, Udala eta Pausoka bezala, Idolaz eta Bizipoza elkarteak ere prest daude ekarpenak egiteko. Datorren astelehenean, gainera, gaiaren inguruan aditu Itsaso Zuberogoitiak gurasoei begirako hitzaldia egingo du Olaranen, "motorrak berotzeko".

"Gakoa enpatia txiki-txikitatik garatzea da"

ITSASO ZUBEROGOITIA

ORTZADAR ELKARTEKO PSIKOPEDAGOGOA

Astelehenean, hilak 19, 18:00etan, Olaranen egingo du berba bullying-a saihesteko ingurune seguruei buruz. Hitzaldia DBHn eta LHko azken zikloan dauden seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta dago bereziki.

Hogei urte daramatzazu tailerrak ematen. Nolako bilakaera ikusi duzu?

Prebentzioan sentsibilizazio handia irabazi dugu gizarte mailan, eskoletatik hasi eta etxe barruraino. Oso beharrezkoa da Haur Hezkuntzatik enpatia garatzea. Gurasoen kezka handiena ez da izan behar "nireari ez pasatzea", baita "nireak ez egitea" eta "ikuslea bada enpatia izatea" ere.

Gakoren bat ematerik?

Garrantzitsuena seme-alabekin komunikatzea da. Haiekin denbora gehiago pasa, kontsumitzen dituzten bideojokoak eta mugikorreko edukiak kontrolatu. Baita eskolaz kanpoko jardueretan egiten dutena ere. Bestetik, komunikatzeko era aldatu beharko genukeela uste dut. Askotan, seme-alabak eskolatik irteten direnean, galdera errepikatuena izan ohi da: zermoduz klasean? Ume batek pentsatzen duena da klasea, matematika, azterketa txarto atera zait, etxeko lanak ez ditut egin… Eta bat-batean itxi egiten da, haren erantzuna izaten da ondo; edo ez izan astuna! Beraz, galdera izan daiteke pertsonalagoak, ez bakarrik irakasgaiei enfokatutakoak: Zermoduz pasa duzu patioan? Norekin joan zara eskolara? Nola tratatu zaituzte gaur?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak