Eklipseei buruz jardungo du Gorka Buruagak ostiralean

Hasier Larrea 2026ko urtarrilaren 14a

Haur, guraso eta zeruko elementuen inguruan gehiago jakiteko gogoa duen edonorentzako tailerra egingo du Gorka Buruaga uberarrak hilaren 16an, 17:30ean, Olaranen.

Ilatargi elkarteko kideak azaldu du aurten ikusi ahalko den eklipse batean jarriko duela arreta: "Abuztuaren 12an, 20:30ak aldera, Arrasatetik hegoalderantz eklipse osoa egongo da ikusgai, eta fenomeno hori behatzeko gomendioak emango ditut Olaranen". 

Zehazki, eklipsearen simulazio bat aztertuko dute errealitate birtualeko betaurrekoen bidez, Lur planetatik eta espaziotik nola ikusiko den jakiteko. Gainera, bertaratzen direnei abuztuko eklipsea behatzeko betaurreko bereziak oparituko dizkie, "ez baita komeni babes gabe behatzea eklipse bat".

Gehiagorako ematen badu, eskulanak egiteko tartea ere hartuko dute, eguzki-erloju bat egiteko. Eta zeruko hodeiek baimentzen badute, teleskopio bidezko behaketa egingo dute kanpoan: "Bi teleskopio eramango ditut, bata galaxiak eta nebulosak ikusteko, eta, bestea, planetak ikusteko. Zerua argi baldin badago, Jupiter eta Saturno ikusi ahal izango dugu", azaldu du Buruagak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak