Euskal Herriko mus txapelketaren baitan, herri-mailako hiru kanporaketa eta finala

Hasier Larrea 2026ko urtarrilaren 10a

Urtarrilaren 17an, 18an eta 25ean eta otsailaren 1ean izango dira jardunaldiak herriko tabernetan. Aurten, lehen aldiz, Gipuzkoa mailako finala jokatuko da Antzuolan: martxoaren 7an, Olalde pilotalekuan.

Antzuolan ohitura bihurtu dira aspaldian negu parteko mus partidak. Bikote gazteak eta nagusiak elkartzen dira tabernetan, Euskal Herriko txapelketarako sailkatzeko txartelak jokoan dituztela. Antzuolako norgehiagokek, gainera, badute berezitasun bat: bertako antolatzaileek hainbat egunetan jokatzeko aukera eskaintzen dute, gainontzeko herri gehienetan ez bezala: "Normalena da egun batean jokatzea herri bakoitzeko kanporaketa guztiak, baina hemen hiru egunetan banatzen ditugu, parte hartu gura dutenei erraztasunak emate aldera, ondoen datorkien egunean joka dezaten", adierazi du Beñardo Kortabarriak.

Sari ederrak jokoan

Datorren astean hasiko dira kanporaketak, hitzordu bikoitzarekin. Hilaren 17an, zapatua, Okaldi tabernan jokatuko dute lehena, eta hurrengo egunean bigarrena, Arinen. Hirugarren kanporaketa urtarrilaren 25ean izango da, Koxkor Ogiberrin. Norgehiagoka guztiak 16:30ean abiatuko dira eta parte hartzeko nahikoa izango da establezimendu horietan azaltzearekin. Egun bakoitzeko bikote onenek finala jokatuko dute, Ongietorrin, otsailaren 1ean, 16:00etan. Giro polita sortuko dela argi du Kortabarriak: "Esaterako, kanporatuak izaten diren bikoteek euren artean jarraitzen dute jokoan".

Hori guztia martxan jartzeko hiruzpalau lagun ibiltzen dira lanean. Gehienbat, babesleak lortzea eta jokoek iraun bitartean bertan presente egotea izaten da euren egitekoa. 30 entitate inguru inplikatzea lortu dute aurten, eta modu batera edo bestera egiten du bakoitzak ekarpena: "Enpresek, esaterako, dirua jartzen dute; tabernek jokatzeko tokia laga eta afari edo edariak banatzen dituzte sari gisa; dendek, jeneroa; Udalak, txapelak...". Jokalarientzat pizgarri izaten dira sariok, arratsalde-pasa entretenigarriari amaiera bikaina emateko aitzakia. Hala, urtero "bikote asko, 30 baino gehiago", esertzen dira mahaiaren bueltan, denak antzuolarrak; horietatik "sei-zortzi" sailkatzen dira finalerako, eta azken fasean "hiruzpalauk" lortzen dute Gipuzkoako txapelketarako sailkatzea.

Gipuzkoakoa ere, hemen

Hain justu, aurten lurralde mailako kanporaketa hori Antzuolan izango da, martxoaren 7an. Kortabarriak aditzera eman duenez, gogoa zuten herri mailakoaz gain lurralde mailako faseak ere bertan egiteko: "Euskal Herriko mus txapelketako antolatzaileekin adostu genuen Gipuzkoako finala hemen egitea. Haiek badakite urteak daramatzagula Antzuolakoa antolatzen, eta ondo iruditu zitzaien lurraldekoa hona ekartzea; lehen aldia izango da".

Hori horrela, Olalde pilotalekuak 200 bikote baino gehiago jasoko dituela dago aurreikusita. Gutxi batzuek lortuko dute martxoaren 28an Amasa-Billabonan jokatuko den Euskal Herriko final handirako plaza eskuratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak