Boto gehien eskuratuta, Aixa fruta-dendak islatu du ondoen Gabonetako espiritua

Hasier Larrea 2026ko urtarrilaren 8a

Garbiñe Lizundia eta Oihana Uregain, diploma erakusten, Aixa dendaren kanpoaldean.

273 lagunek adierazi dute zein izan den euren ustez Gabonetako lehen Erakusleiho Lehiaketako dendarik politena, eta 139k egin dute Aixa fruta-dendaren alde. Dendariek diote "irabazleak herritarrak" izan direla.

Iragan diren egunei argitasuna eta goxotasuna erantsi diete aurten inoiz baino denda gehiagok Antzuolan. Horren arrazoia Udalak sustatutako erakusleiho lehiaketa izan da, tokiko komertzioari bultzadatxoa eman guran. Hamahiru establezimenduk hartu dute parte eta guztien artean bat nabarmendu da: Aixa fruta- eta barazki-denda. Botoa eman dutenen erdiak baino gehiagok erakutsi dute adostasuna Olentzerok eta Mari Domingik gidatutako produktuz osatutako lera gustatu zaiela esaterakoan.

Oihana Uregainek eta Garbiñe Lizundiak daramate Buztinzuri kaleko negozioa, eta, azaldu dutenez, ireki zutenetik egin izan diete Gabonei keinua: "19 urte daramatzagu Olentzero eta Mari Domingiri dendan tokia egiten, pertsonaiok fruta eta barazkiekin apainduta. Abendu hasierarako etortzen zaigu jendea, batez ere haurrak, ea aurten erakusleihoa nola atonduko dugun galdezka. Oso polita da hori, ilusioa egiten digu".

Saltzaileek gaineratu dutenez, lehiaketak lagundu du beste komertzio txikietan ere Gabonetako espiritua islatzen: "Argi geratu da dendariok inplikatu egiten garela. Txoko asko ipini ditugu polit, eta herritarrengan eragina izan du horrek, erakusleihoak nola dauden ikusteko kuriositatea piztu dietelako".

Hala, Ilaia ile-apaindegiarena izan da boto gehien eskuratu duen bigarren erakusleihoa –31 boto–, eta hirugarren postuan berdinduta geratu dira Cot ile-apaindegia eta Amaia denda, hogeina botorekin. Dena den, Uregainek eta Lizundiak azpimarratu dutenez, "herritarrak izan dira lehiaketaren saridun nagusiak", tokiko saltokietan kontsumitzeko bonuak eskuratu dituztelako hainbatek.

Zozketen saridunak

Izan ere, bozketan parte hartu dutenen artean hainbat sari zozkatu dira. Alde batetik, establezimenduetan gastatzeko 150 euroko hiru bonu tokatu zaizkie Ainitze Segurola, Pilar Etxaniz eta Aurora Sanchezi. Eta, bestetik, establezimendu irabazleak bozkatu dituztenen artean ere sari bereziak banatu dira: 100 euroko saria Ibet Arangurenentzat, Aixa frutategian gastatzeko; 75 eurokoa Paula Muniozgurenentzat, Ilaia ile-apaindegian gastatzeko; eta 50 eurokoa Uxue Iparragirrerentzat, Cot ile-apaindegian edo Amaia dendan erabiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak