Gabon egunak osagai guztiak izango ditu, sortzaileen azokak eta kantuek girotuta

Hasier Larrea 2025eko abenduaren 20a

Gabonetako azokako postuak, iaz, Zurrategi plazako arkupean.

Asteazken goiza herriko artisauek eta haur eta gurasoen kalejirak girotuko dute. Olentzero eta Mari Domingi 18:30ean jaitsiko dira San Josetik Herriko Plazarantz.

San Isidroko feriarekin batera, artisau antzuolarrentzat plaza ederra da abenduaren 24an 11:30etik 14:30era bitartean Zurrategin egiten duten azoka. Artelanak, arropak, apaingarriak edota kosmetikoak erosteko aukera eskainiko dute sortzaileek. Haientzat, baina, salmenta-puntua baino gehiago da Gabonetako azoka. "Herrikideek gustuko zerbait ikusi eta ea modu eta neurri pertsonalizatuan egin dezakegun galdetzen digute; azkenean, polita da bi aldeetatik: artisauoi enkargu berriak irteten zaizkigu, eta bezeroek euren beharretara egokitutako produktuak eskatu ditzakete", azaldu du Elvira Quintanak. 

Eskaintza aberatsa

Oihalekin egindako poltsak, nezeserrak eta koleteroak jarriko ditu eskura hark, eta aldamenean izango du Maialen Aranguren alaba. "Bigarren urtea izango da berarentzat; kakorratzez egindako bufandak, topak eta jertseak egiten ditu", zehaztu du. 

Ez dira urruti ibiliko Alaitz Jauregi eta Ariel Moreno. Ukenduak eta xaboiak egiten ditu batak, eta margolanak eta grabatuak besteak. Jauregik dio gero eta jende gehiagok egiten duela gaur egun kosmetika naturalaren alde: "Azalak ondoen onartzen dituen produktuak direlako, alergiarik sortzen ez dutenak". Kalendulaz, erromeroz, erramuz, labandaz eta halako sendabelarrez osatutako krema horiek "oso eraginkorrak" dira, baita ere, lotailuetako minak arintzeko, aipatu duenez. 

Morenok artea du denbora-pasa, eta, urte askoan zuri-beltza landu ondoren, beste muturrera egin du jauzi, alkohol bidezko tintak erabiltzera: "Kolorearen ikerketa horretan, abstrakzioan inspiratuta, aukera mordo batekin konektatzen dut, eta koadroak magnetiko bihurtzen dira". Gabonetako azokaren berezitasuna zein den galdetuta, erantzun du egunerokotasunean topo egiten duen jendeari bere alderdi artistikoa erakusteko balio diola: "Nire obra konpartituta, sostengu aktiboa jasotzen dut bueltan, ekoizten jarraitzeko beharrezkoa". 

Olentzero eta Mari Domingi, arratsaldean 

Lau sortzaile horiekin batera beste lauk, gutxienez, hartuko dute parte, eta ez dira bakarrik egongo plaza inguruan. Pausoka guraso elkarteak antolatuta, kalejiran kantari irtengo dira haurrak eta gurasoak, 11:00etan, Antiguatik erdigunerantz. Ez Dot Moztuko Bizarra taldeak, bestetik, jatekoa banatuko du Zurrategin bertan, 12:30ean, eta herriko denda, taberna eta ekoizleek emandako produktuez osatutako saski ederraren zozketa egingo du baita ere. 

Onena, baina, egunaren bukaeran iritsiko da: Olentzero eta Mari Domingi 18:30ean jaitsiko dira San Josetik, Herriko Plazan egingo duten ekitaldi berezian parte hartzeko.

GOXOTASUNEZ BETETAKO EGUNAK

The Spolem Girls.

Gabonetan hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da Antzuolan. Otorduak orekatzeko modu ona izan daiteke San Esteban krosean korrika egitea, hilaren 26ko arratsaldean, plazara bertaratu eta izena emanda.

Abenduaren 28an, ostera, The Spolem Girls taldeak pop, rock eta soul klasikoko emakume-ahots esanguratsuenei keinu egingo die Torresoroan, 18:30ean hasita. Sarrerak salgai daude Antzuolako udal webgunean.

Gabonetako haur parkea hilaren 30ean jarriko dute aurten, eskolako patioan, goizez eta arratsaldez.

Eta ohiturari jarraituz, urteko lehen eguneko goizean Arrolara igotzen direnek salda beroa eta txorizoa izango dute Lizargaraten, herriko mendizale taldeak prestatutakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak