Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa egingo dute Antzuolan lehen aldiz

Hasier Larrea 2025eko abenduaren 13a

Gabonen usaina gerturatzen ari den honetan, Antzuolako Udalak eta herriko merkatariek Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute. Gutxienez hamahiru saltokik parte hartuko dute.

Herriko dendak izango dira Gabonei ongietorria egiten lehenak, Erakusleiho Lehiaketaren bidez. Tokiko komertzioari bultzada emateko asmoz, saltokietako arduradunengandik irten zen ekimena egiteko ideia duela hilabete inguru, eta Udalak eman dio forma.

Hala, saltoki gehienek egin dute bat lehiaketarekin. Udalak emandako datuen arabera, dagoeneko hamahiruk eman dute izena: Cot ile-apaindegia, Gabilondo Arregi harategia, Amaia Garitano farmazia, Goxokien Mundua litxarreria-denda, La Varilla Magica gozotegia, Itzar liburu-denda, Aixa fruta-denda, Ilaia ile-apaindegia, Marilina mertzeria, Nerea opari-denda, Martin Okindegia, Klikatu elektronika-denda eta Amaia janari-denda.

Establezimendu bakoitzeko erakusleihoei ukitu propioa gehitu diete dendariek, jarduten duten espezialitatearen araberako elementuak erabilita. Amaia Garitano farmazialariak, esaterako, Gabonetako zuhaitza "inhalagailuekin" egin du, eta "osasuntsu eta zoriontsu izateko egunero egin beharko genituzkeen gauzak" ere zerrendatu ditu pilula-kaxen txokoan.

Joan den asteburua eta astelehena baliatu dute gehienek apainketa-lanak egiteko, jaiegunak izan direla aprobetxatuta. Garitanok esan duenez, "denbora dezente" eskaini behar izan diote, baina hartutako lanak mereziko du Antzuolan "Gabonetako giroa eta ilusioa pizteko". Gainera, datorren urtera begira jartzera ere ausartu da: "Ea nola doan aurten, eta horren arabera joango gara bigarren lehiaketarako ideiak pentsatzen".

Zozketa bidezko sariak

Dendariek egin dute euren lana, eta hilaren 19tik aurrera herritarrei egokituko zaie erantzutea. Gehien gustatzen zaien erakusleihoa aukeratu beharko dute, saltokietan aurkituko dituzten QRen bidez edota partaideak zerrendatuta dauden paperezko orriak beteta. Orri horiek udaletxera eraman edo bertako postontzian laga behar dituzte.

Botoa ematen dutenek hainbat sari eskuratzeko zozketan hartuko dute parte. Herriko dendetan gastatzeko 150 euroko hiru sari banatuko dituzte, batetik. Eta, bestetik, erakusleiho irabazlea bozkatu dutenen artean 100 euroko sari bat zozkatuko dute denda horretan gastatzeko; bigarren geratzen dena bozkatu dutenen artean, 75 euro; eta hirugarrenaren alde egin dutenen artean, 50 euro.

Denda parte-hartzaileentzat ere egongo da aitortzarik, lehenengo, bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek diploma berezia jasoko dute eta.

Tokiko komertzioaren alde

Olatz Lezeta alkateak jakinarazi duenez, Udalak Antzuolako merkatariek egindako proposamen gehiago aztertuko ditu aurrerantzean ere, Herrixan erosi, herrixan bizi kanpainaren baitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak