Goizperren sortzaileek eta bazkideek omenaldia jasoko dute hilaren 20an

Hasier Larrea 2025eko abenduaren 12a

Goizperren sortzaileak.

Goizper Group-ek datorren abenduaren 20an, larunbata, eguerdiko hamabietan, omenaldi-ekitaldia egingo du Antzuolako Torresoroa aretoan, kooperatibaren sorreran eta bilakaeran parte hartu zuten pertsonei aitortza egiteko.

Kooperatibako arduradunek zehaztu dutenez, Goizperren hamaika sortzaileei eta haien familiei egingo diete omenaldia, "eta baita proiektuaren parte izan eta gaur egun gure artean ez dauden bazkide guztiei ere". Gehitu dutenez, "haien ikuspegia, ahalegina eta lana eskertzeko ekitaldia izango da; utzi ziguten ondare humano, industrial eta kooperatiboa gogoratuko dugu, gaur egun ere erakundean bizirik dirauena".

Omenaldi horren bidez, balio kooperatiboen bitartez proiektuaren oinarriak ezarri zituzten pertsona guztien ekarpenak nabarmendu gura ditu Goizperrek: "Gaur egun ere hazten, eraldatzen eta Antzuolarekin eta bere komunitatearekin lotura estua mantentzen duen enpresa-proiektu baten oinarri diren ekarpenak".

Ekitaldi horretara, hain zuzen ere, Goizperko sortzaileez gain, hilda dauden bazkideen familiak, bazkide ohiak eta gaur egungo bazkideak ere gonbidatuak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak