Nola sortu zen proiektu hau abiatzeko ideia? Nire belarritakoen obsesioagatik, batez ere. Beti gustatu izan zaizkit bitxiak, eta azkenaldian sare sozialetan belarritako asko ikusten nituen, baita horiek egiteko jendeak erabiltzen zituen prozesuak ere. Lagun batek sortzen zituen, eta hari galdetu nion ea nola egiten zituen; orduan hasi nuen ibilbidea.
Zergatik Garko? Txikitan nire ahizparekin asmatu nuen izen bat da, gure abizenarekin hitz jokoak eginez sortu genuena. Polita iruditu zitzaigun, eta oroitzapen bezala jarri nion izena proiektuari.
Beti izan zara pertsona sortzailea? Bai; txikia nintzenetik eskulanak oso gustuko nituela esan didate maiz gurasoek. Proiektu honekin hasi aurretik, Kiimak musika taldeko partaide ere banaiz, eta bertan abestiak sortzeko momentuan nire aurpegi sortzailea erakusteko aukera ere badaukat.
Zein izan da Garko-ren ibilbidea hasieratik gaur egun arte? Ez oso konplexua. Hasieran, neure buruarentzat sortutako proiektua zen. Ondoren, lagunei erakutsi eta gustatu egin zitzaizkienez, haiek izan ziren lehenak erosten. Gertukoengana iritsi zen gero, eta ahoz aho herriak ere izan zuen proiektuaren berri. Gaur egun, sare sozialetan saltzeaz gain, Antzuolako Nerea dendan ere eskuragarri daude nire piezak.
Modelo bakoitzak izen bat du: nola sortzen dira? Pieza bakoitzak estetikatik harago izaera bat ere baduelakoan, izenak identitate hori sendotzen laguntzen duela uste dut. Lan bakoitzean kolore eta formekin esperimentatzen noa. Inspirazio-iturri desberdinetatik sortzen dira: eguneroko uneetatik, naturatik, pertsona esanguratsuetatik edo piezari berari begira sortzen zaizkidan sentsazioetatik.
Zein duzu merkatuan nabarmentzeko estrategia edo filosofia? Nabarmentzeko nire estrategia nagusiak zintzotasuna, koherentzia eta nortasuna direla esango nuke. Ekoizpen-prozesu gardena egitea, pieza bakoitzari bere lekua ematea, material iraunkorrak eta kalitatezkoak erabiltzea eta estetikoki sinplea baina ukitu pertsonala duen diseinu-ildoa mantentzea. Helburutzat ez dut nire proiektu hau guztien gustuko izatea; markaren balio berak partekatzen dituzten pertsonekin konektatzea baizik.
"Helburutzat ez dut nire proiektu hau guztien gustuko izatea; markaren balio berak partekatzen dituen pertsonekin konektatzea baizik"
Moda azkarrak agintzen duen garaian, non kokatzen da Garko? Marka txikiek eta artisauek beste bide bat hartu behar izaten dutela pentsatzen dut: ekoizpen motela, pieza bakarrak edo sorta txikiak, eta balio erantsi gisa iraunkortasuna eta esku-lana azpimarratuz. Ez dut masibotasunarekin lehiatu nahi; lan pertsonal eta gertukoan kokatzen dut markaren balioa. Publiko jakin batekin konektatzen dute: berezitasuna, gertutasuna eta nortasuna nahi dutenekin; edo hori uste dut, behintzat.
Sare sozialek nolako eragina dute? Txanponaren bi aurpegiak dituzte sare sozialek. Batetik, lagungarriak dira, markaren ikusgarritasuna handitu, publikoa ezagutu eta komunitatea eraikitzeko. Edukia partekatzeak marka jendearengana hurbiltzen du eta artisautza-prozesuari balioa ematen dio. Sare sozialik gabe dezente zailagoa litzateke, zoritxarrez. Bestetik, presioa ere sortzen dute, nolabait: eduki etengabea sortu behar izatean eta denboraren kudeaketan.
Zer ikasi duzu sortzaile izan eta proiektu bat zerotik sortuta? Sortzaile izatea ez da soilik piezak egitea: komunikazioa, denbora, ideiak, marketina… denetarik ukitu behar da. Halaber, pazientzia eta etengabeko ikaskuntza ezinbestekoak dira. Zerbait argi utzi dit prozesu honek: proiektu bati bere erritmora hazten uzten ikasi behar dela.
Zein da zure ustez gaur egungo sortzaileen panorama? Nahiko panorama konplexua dago. Aukerak badaude; digitalizazioari eta sare sozialei esker, sortzaile txiki askok beren lekua aurkitzen dute, saltoki fisikoen beharrik gabe. Hala ere, erronkak ere ugari dira: saturazioa, algoritmoen menpekotasuna, prezio baxuen kulturak artisautza gutxitzea eta, sormenaz gain, lan ugari kudeatu beharra.