3.827.813 euroko udal aurrekontua onartu dute Antzuolan 2026rako. Iazkoa baino 122.961 euro handiagoa da, %3,2ko igoerarekin, eta transferentzia arruntetatik, bereziki Gipuzkoako Foru Funtsetatik, dator kopuruaren zati handiena: 2.509.482 euro. Azaroaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran onartu zituzten aurrekontuak udal ordezkariek, EH Bilduko zazpi ordezkarien botoekin, eta EAJko lauren kontrako botoekin.
Orain Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratuko da hasierako onarpenaren iragarkia. Argitaratzen den hurrengo egunetik 15 lan eguneko epea egongo da alegazioak aurkezteko. Ez badago alegaziorik zuzenean onartuko da eta alegazioak baldin badaude beste pleno bat egin beharko litzateke alegazioak aztertu eta ebazteko.
Hala, epe motzera begirako proiektuen partidak aurkeztu dituzte, eta baita epe ertain-luzean egiteko asmoa duten proiektu estrategikoen berri eman ere: "Erretiratuen gunea Torresoroatik Buztinzurira eramango dugu, eta Torresoroan hutsik geratzen den espazioan aztertuko dugu Eguneko Zentroa handitzea edo etxebizitza tutelatuak eraikitzea, behar eta larrialdi konkretuei erantzuteko, esaterako, eraso mehatxupean egon daitezkeen emakumeei begira", azaldu du Olatz Lezeta alkateak.
Inbertsio berriak eta lehenagokoak
2026ko aurrekontuetan proiektu berrietarako 384.120 euroko inbertsioa egingo dute, eta 2025ean hasitako proiektu batzuek jarraipena izango dute. Hala, inbertsioetara 760.907 euro bideratuko dira, iaztik egiteko dauden proiektuen partidetatik 376.787 euro erabilita.
Proiektu berrietarako
- HAPOren idazketa eta Mugikortasun Plana: 58.000 euro.
- Lizarragako hiribidea egokitzea: 50.000 euro.
- Barandilak: 40.000 euro.
- Adokinak: 35.000 euro.
- Udal eraikinetako eguzki plaken 1 fasea: 30.000 euro.
- Torresoroako aire egokitua: 15.000 euro.
- Itxumendira ura eramatea: 15.000 euro.
- Frontoiko komuna egokitzea: 10.000 euro.
- Antigua auzoa berritzea: 10.000 euro.
- Iraingo txabola: 10.000 euro.
- Zuntz iluna: 6.120 euro.
- Bizikleten tailerra eta kalistenia: 5.000 euro.
- Aguazilaren ibilgailu elektrikoa: 3.000 euro.
Iaztik datozen proiektuetarako
- Baserrietako ur hornidura: 140.000 euro (90.000 gehiago).
- Frontoi txikiko estalkia: 80.220 euro.
- Brigadarentzako makineria: 56.745 euro.
- Lurren erosketa eta baso landaketa: 30.000 euro.
- Basaldeko bidegorria: 25.625 euro.
- Seinalizazio proiektua: 26.287 euro.
- Dolu perinataleko gunea hilerrian: 20.584 euro (7.000 gehiago).
- Ehuntzen galdetegia: 11.000 euro.
- Auzo konposta proiektua: 7.000 euro.
- Baserrien identifikazio seinaleak: 6.324 euro.

Kontrako ikuspuntuak
EAJk aurka bozkatzearen arrazoi nagusietako bat "prozedura behar bezalakoa ez izatea" da, Josu Xabier Aranguren bozeramaileak azaldu moduan: "Aurrekontuen zuzenketa osoko bilkuraren egunean bertan jaso dugu, ganoraz aztertzeko astirik gabe". Basilio Ormazabal zinegotzi jeltzaleak Ogasun batzordean aurkeztutako partiden kopuruak "aldatu" dituztela kritikatu du: "Egun batetik bestera, partida batzuetatik kendutakoa beste batzuetan gehitu duzue". EH Bilduren erantzuna izan da Eztalako belar aldaketa bi urtean egitea zela aurreikuspena baina aurten bukatu beharra dutela Aldundiko dirulaguntza jaso ahal izateko, eta "horregatik" egin dituztela partida aldaketak.
Iaz bai, baina aurten ez da izan aurrekontuak negoziatzeko bilerarik Lezetaren eta Arangurenen artean. Jeltzaleek ez dute gobernuarengan "iniziatibarik" ikusi, nahiz eta alkateak "elkartzeko prestutasuna" adierazi.
Hala ere, EAJk hainbat proposamen egin zituen datorren urtera begira: "Baina, tamalez, aukera polita galdu da aurrekontu hauek onartuta". EH Bilduk EAJk egindako proposamenak zerrendatu eta bakoitza ze puntutan dagoen azaldu du: "Autobus geltoki bat lautadara egokitzearen proiektua mugikortasun planean etorriko da eta 2026an trazabilitatea aztertuko dugu. Herriko komertzioa bultzatzeko, Gabonetan kanpaina berri bat irtengo da. Eraikuntza historikoen berrikuntzan, nahikoa dugu udal jabetzakoak zaintzearekin".
Mozioak eta beste
Aurrekontuez gain, beste hainbat kontu ere onartu dituzte osoko bilkuran. Esaterako, udal teknikarien aparteko orduak kudeatzeko lau neurri adostu dituzte bi alderdiek. EH Bilduk proposatutako hiru mozio ere atera dituzte aurrera: euskararen erabileraren aldekoa, indarkeria matxistaren aurkakoa, eta Israelekin harremanik ez izatekoa. EAJko ordezkariek lehenengoaren alde bozkatu dute, eta beste bietan abstenitu egin dira: "Ados gaude indarkeria matxistaren aurka eta Israelgo estatuaren aurka neurriak hartzearekin, baina mozioetako proposamenetan zehaztasun falta ikusten dugu".
Bestetik, zozketa bidez hautatuak izan dira bake epaile titularra –Elisabet Iturbe– eta ordezkoa –Ana Peñalba–.
Barkamena etxebizitzaren gaia dela eta
Etxebizitzaren inguruan EH Bildu egiten ari den inkestaren harira, Olatz Lezeta alkateak barkamena eskatu du: "Udalarentzat etxebizitzaren gaia lehentasunezkoa da eta EH Bildu elkarlanean lantzeko proposamenakin etorri zenean, oso ideia ona iruditu eta aurrera egin genuen. Baina onartzen dugu ez dela jokabide egokiena izan; ez da berriz gertatuko".