Arazoetan sartuko dira, bertso-saio umoretsuan

Hasier Larrea 2025eko azaroaren 27a

Ostiral gauean egingo dute, Kaleko bertso eskolak antolatuta, Azaroan Arazoak bertso saioa. Iazko formula bera errepikatuko dute herrian jarduten duten bederatzi bertsolarik, hiruko taldetan banatuta. Lehian baino, elkarri ziria sartzen arituko dira.

Antzuolako Kaleko Bertso Eskolan astero elkartzen dira sei-zazpi kide bertsotan egiteko, 22tik 55 urtera bitartekoak, eta 16 urtetik gorako edonor bertaratu daiteke. Ostiralerako, hilak 28, 22:00etarako, saio berezia antolatu dute, Azaroan arazoak izenburupean. "Iaz sortutako giro aparta errepikatzea izango da helburua, eta guztiok dibertitzea, baita bertsozalea ez den jendea ere", azaldu du bertso eskolako koordinatzaile Jon Matak.  

2024ko martxoan Urretxun deskubritutako formatua –Martxoan bertsoa– Antzuolara ekarri zuten iazko azaroan. Bederatzi bertsolarik hartu zuten parte, hiruko taldetan banatuta eta mozorrotuta, eta aurten ere berdin irtengo dira oholtzara. Iazko zazpi partaideren presentzia bermatuta egongo da, eta bi berriak izango dira: "Parte-hartzaileok hasierako agurrak prestatuta eramango ditugu, eta, ondoren, Iraia Gabilondo gai-jartzaileak proposatutako bederatzi ariketei erantzungo diegu".

Epaimahaia ere izango da, "baina lehiatik eta seriotasunetik baino gehiago, jolasetik eta umoretik" joango da bertso-saioa.

Erantzun onaren esperoan

Edozein doinu eta kopla mota erabiliko dituzte saioan zehar, "momentuan bertan edo aurrez afarian" erabakitakoak. Espero dute gaztetxea lepo betetzea, eta hori bermatzeko kartelak jarri dituzte herrian, deialdia zabaldu dute sare sozialen bidez, eta inguruko bertso eskoletan ere eman dute Azaroan arazoak-en berri. Jon Mataren hitzetan, ekitaldia “aitzakia polita” izango da “dibertitu eta parranda pixka bat egiteko”.

ZAPATUAN, ROCK KONTZERTUA 

Antzuolako gaztetxeak zapatuan ere irekiko ditu ateak. Bertsoetatik rockera pasako da testuingurua. 18:30ean hasita, biniloen pintxada egingo dute Agoitzek eta Shake And Roll-ek. 22:00etan iritsiko da kontzertuen ordua. Debagoieneko Berandu Baino Lehen taldeak disko berria aurkeztuko du, Musikaren doinua baino dirua nahiago izenekoa. Arrasateko Legez Kanpo eta Gasteizko Dirty Old Gasteiz ere igoko dira oholtzara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak