Biologiako gradua ikasi duzu Bilbon; nolakoak izan dira lau urteak?
Gorabehera asko egon dira. Esango nuke asmatu egin nuela aukeratutako graduarekin. Asko gustatu zait Biologiako gradua ikastea, baina, aldi berean, asko ikasi behar da, teoria asko duena, eta azterketa garaian topera ibili behar izan dut. Edozelan ere, esango nuke nire bizitzako urterik onenak izan direla, eta nabarmenduko nituzke urte hauetan ezagutu ditudan ikaskideak.
Zenbatetan ez zara joan unibertsitatera parrandan irteteagatik?
Bilbon ikasi duten edo ikasten diharduten askok nik bezala pentsatuko dute ziur: eguenetako Zazpikaleetako poteoaren ostean Antzokira joatea sakratua da; kar-kar. Egia da hasieran egubakoitzetako eskoletara joaten ginela, baina ikasi genuen eskola horiek, derrigorrezkoak izan ezean, saltatu egin zitezkeela. Egubakoitz bat edo beste, dezente, galdu egin genituen; kar-kar.
Irakaskuntzaren bidea aukeratu duzu; zergatik?
Betidanik izan dut bokazio hori. Horrez gain, gustuko dudan beste alderdi bat da Biologia, eta bi horiek uztartzea modu ona iruditzen zait, naturarekiko dudan zaletasuna belaunaldi berriei transmititzeko. Hala, irakaskuntzako masterra egiten dihardut, nahiz eta ez dudan baztertzen etorkizunean gauza gehiago ikasten jarraitzea.
Zuk ikasitako toki berean egingo duzu praktikaldia; berezia da?
Oso berezia da, bai. Azkenean, bizi izan dut institutu hori ikasle-mahaitik irakasleari begira, eta orain alderantziz da. Arraro samarra da niretzat; gainera, nire irakasleak izan zirenez inguratuta nago eta nire praktikaldiko tutorea da nire Biologiako irakaslea izan zena. Oroitzapen politak ekartzen dizkit.
Kiimak taldeko kide zara; zer puntutan dago proiektua?
2020an sortu genuen Kiimak, eta aurreko urtera arte Nahia Garaikoetxeak eta biok osatzen genuen taldea. Aurreko urtean beste hiru kide sartu ziren taldean eta aurten argitaratu dugu gure lehen diskoa: Denboraren lehia. Zortzi kantuz osatutako lana da eta oso pozik gaude izan duen harrerarekin eta jaso dugun babesarekin. Ahalik eta kontzertu gehien lotzen ari gara eta oso motibatuta gaude.
Baduzu bestelako zaletasunik?
Esango nuke asko ditudala. Artearekin lotutakoak asko gustatzen zaizkit; esaterako, idaztea, konposatzea eta marraztea. Mendia ere oso gustuko dut, eta, orokorrean, natura.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Txokolatea.
Bidaiatzeko toki bat? Mexiko.
Animalia gustukoena? Nire txakurra da bereziena.
Abesti bat? Janus Lesterren Geure mundutan.
Bilboko toki bat? Kafe Antzokia.
Antzuolako toki bat? Mendia.