Eguraldiak baimentzen badu, musika-doinuz betetako eguna izango da zapatukoa. Eguerdian eta arratsaldean girotuko dituzte kaleak herriko musikariek, Santa Zezilia musikarien patroiaren omenez.
Alboradak txistulari taldeko kideak izango dira lehenak. 12:00etan irtengo dira kalejiran, Herriko Plazatik, Errekalde auzorako norabidean, eta buelta. Nora Legorburu da txistularietako bat, eta, azaldu duenez, "hamabost antzuolar inguru" dira taldeko kide finko, Santa Ageda, San Isidro eta Olentzeroren eguneko kalejiretan hutsik egiten ez dutenak, ezta dantzariei laguntzeko jai nagusi eta auzoko jaietan ere.
TXISTUA ETA ATABALA IKASTEKO DOAKO SAIOEK ERAKARRI DITUZTE IKASLE BERRIAK JADA
Badatoz kide berriak
Aurten txistua eta atabala ikasten "beste lau kide" hasi direla gaineratu du, instrumentu bakoitzeko bi kide. Hortaz, hasiberriak ere irtengo dira bihar kalejiran haiekin: "Santa Zezilia egunez jotzen ditugun piezak interpretatuko ditugu, eta ikasten dabiltzanek dakitenaren araberako beste piezaren bat ere bai. Polita litzateke poliki-poliki taldeko partaide bilakatzea, euren gogoaren arabera. Noski, jende gehiago animatzen bada, gu pozarren!".
Bistakoa denez, Antzuolako Udalak joan den udan txistu ikastaroen kostua bere gain hartzeko erabakiak eragin du jende gehiago herriarekin eta euskal dantzekin lotura estua duen haize-tresna jotzen ikastera animatzeko. Bergarako Musika Eskolak ematen ditu ikastaro horiek, eta antzuolarrek doan ikas dezakete euren herrian.
Txarangako instrumentuak Antzuolan ikasteko aukera ere badago, eta aurtengo ikasturtean jada ez da lau ikasleko kupoa bete beharko eskolak herritik mugitu barik jaso ahal izateko, gainkostu barik. Udalak hartu duen beste neurrietako bat da, adibidez, Beti Gorri txaranga indartzeko helburuarekin.
Esperientzia hartzen
Herriko txaranga horren hazia duela hiru urte ereinda, iazko apirilean egin zuten lehenengo jendaurreko agerraldia; arrakastatsua, gainera. Ordutik, lauzpabost alditan jo dute jendaurrean. Adin guztietako kideak daude bertan, haurrak eta helduak, eta martitzenero elkartzen dira entseatzeko.
Zapatuan 19:30ean irtengo dira Beti Gorrikoak kalera ostera ere. Kantu herrikoi eta ezagunak abesteko aukera eskainiko diete herrikideei, saxofoi, tronboi, tronpeta, txindata eta bonboen doinuek lagunduta.
