Handik hona

Esmeralda Giraldo: "Paperekin edo paper barik, migranteak izaten jarraitzen dugu"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko azaroaren 17a

Esmeralda Giraldo, Antzuolako Antigua ermitaren aurrean, martitzen eguerdian. (Argazkia: I.A.A.).

2022an, une batetik bestera, erabaki zuen Esmeralda Giraldok (Pereira, Kolonbia, 1962) jaioterria utzi eta migratzea, eta, Ciudad Realen, Murtzian eta Alacanten bizi izan ostean, duela urtebete iritsi zen Antzuolara.

Zer-nolako bizitza zenuen Kolonbian?

Oso pozik bizi nintzen, eta uste dut oso ondo bizi izan naizela. Baserri handi batean hazi nintzen. Ganadua geneukan, kafe askoko eremua zen, baina egoera aldatu egin zen. Kafea kakaoarekin eta frutarekin ordezkatu zuten. Risalda departamenduko hiriburua da Pereira, baina ni landa eremuan bizi nintzen. 18 urterekin joan nintzen hiriburura. Joskintza gustuko dut, eta josteko makina industrialak erabiltzen ikasi nuen. Horretan pasa dut lanean ia bizitza guztia, hainbat enpresatan. Seme- alabak hazi zirenean, pentsatu nuen bizitza ia eginda neukala, eta landa eremura itzuli nintzen. Bi makina industrial erosi, eta neure kasa hasi nintzen laneko uniformeak josten.

Noiz erabaki zenuen migratzea?

2022ko apirilaren 2an iritsi nintzen Madrilera. Kontzientziak hozka egiten dit oraindik. Ezerezetik asmatu nuen bidaia hura. Egun batean Espainiara joatea pentsatu nuen; hainbeste aldiz pentsatu nuen, etorri egin nintzen. Askotan, norberaren arrazoiek ere migratzera bultzatzen zaituzte.

Zure kasuan, zeintzuk izan ziren arrazoiak?

Han soldata oso baxua da, baina nik ez neukan alokairurik ordaindu beharrik. Zoritxarrez, beste batek utzitako zorra ordaindu behar nuen. Orduan, irabazten nuen guztia itzuli egin behar izaten nuen; diru asko zen. Ikusten nuen bizitza guztia zorra ordaintzen igaro beharko nuela.

"Gu hona lanera etortzen gara, baina traba asko jartzen dizkigute paperak lortzeko"

Europarekin lehen kontaktua nolakoa izan zen?

Oso gaizki pasatu nuen Alacanteko beroarekin. Leiho bat ireki eta bero hura guztia sartzea gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Kolonbian zonaka dago banatuta eguraldia. Antzuolan, batzuetan, hotz egiten du, baina ez daukat arazorik.

Zuzenean Antzuolara etorri zinen?

Ez. Ciudad Realen, Murtzian eta Alacanten egon naiz aurrez. Lana behar nuen, ordea. Lehengusu bat Bergaran bizi da, eta haren bidez etorri nintzen. Antzuolara 2024ko uztailaren 4an etorri nintzen.

Integratua sentitzen zara hemen?

Ez naiz kalera askorik irteten. Edozer behar badut, nire bizilagunari eskatzen diot laguntza. Jendea agurtzeko ohitura daukat, eta haiek ere agurtzen naute.

Antzuolatik zer gustatzen zaizu?

Lasaitasuna, eta norbaitek zerbait behar badu, jendea laguntzeko prest egotea. Jendearen berotasuna nabaritzen da.

"2022an iritsi nintzen Madrilera; kontzientziak hozka egiten dit oraindik"

Zer da migrante batentzat zailena?

Gu hona lanera etortzen gara, baina traba asko jartzen dizkigute paperak lortzeko. Ez bazara erroldatzen, ez zara existitzen. Lan-kontraturik ez badigute egiten, nola eskatuko ditugu paperak? Lehen, errazagoa zen ikastaro bat egitea. Orain ez. AIZ edo nortasun agiri barik ezin dugu egin, dokumentu horiek dituztenek lehentasuna dutelako. Hasieran pentsatu nuen lanik aurkitu ezean bueltan itzuliko nintzela.

Lana errazago aurkituko zenuela uste zenuen?

Bai, uste nuen erraztasun gehiago zeudela. Hasieran egon nintzen lekuetan erraz topatzen nuen lana, baina oso gaizki ordaintzen zidaten. Jendeak uste du adinekoak zaintzea arrosa kolorekoa dela, baina ez da hala. Bakoitzak bere arazoak ditu.

Zer igartzen duzu faltan?

Hango egunerokotasuna. Familia eta lagunak ere bai, noski. Hemen ezagunak ditut. Jendeak bere kuadrilla eginda dauka, eta oso zaila da kuadrilla horretan sartzea. Faltan igartzen dudana da behin hemen egonda inork bertako janaria prestatzen ez irakastea. Kolonbiako janaria prestatzen jarraitzen dut, baina beste plater batzuk kozinatzea gustatuko litzaidake.

Elkartzen zara hemen bizi diren kolonbiarrekin?

Gertatzen dena da herrialde berekoa izan arren zaila dela harremana izatea. Zergatik? Batzuek uste dute paperak dituztelako gehiago direla. Nik esaten dut hori dagoen tontakeriarik handiena dela. Paperekin edo paper barik, migranteak izaten jarraitzen dugu, ez gara hemengoak. Horregatik esaten dut egin genezakeela talde bat. Ezagutzen ditut, adibidez, belgikarrak edota frantsesak euren herrikideekin elkartzen direnak. Ez da gure kasua.

Euskara ikasten hasteko asmoa dauka Esmeralda Giraldok

Esmeralda Giraldo oraindik ez da euskara ikasten hasi, baina esan du asmoa baduela, gizartean integratzeko modu bat izan daitekeela uste duelako. Euskaldunak nolakoak diren galdetuta, azaldu du "sekulako" pertsonak direla eta iritsi zenetik "oso ondo" hartu dutela: "Bergarako udaletxera joateko nire lehengusuak jarraibideak eman zizkidan, baina puntu batera heldu nintzenean galdu egin nintzen. Bergarar bati galdetu, eta udaletxeraino lagundu zidan. Ile-apaindegiaren bila nenbilela ere lagundu zidaten".

Kolonbiarrei buruz dio orokorrean "oso onak" direla, baina denetik dagoela: "Konfiantzakoak gara. Ezin da orokortu. Kolonbiar batek zerbait gaizki egiten badu, ez du esan nahi guztiok horrelakoak garenik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak