Belarra aldatzen hasi dira Eztala futbol zelaian

Hasier Larrea 2025eko azaroaren 14a

AKEren berdegunea berritzen hasi dira asteon, sei asteko epean prest edukitzeko helburuarekin. Udalak, Foru Aldundiak eta Realak finantzatuko dituzte obrak. Bien bitartean, Antzuolako jokalariek Bergaran jokatuko dituzte etxeko partiduak.

Duela hamasei urte ordezkatu zuten Eztalako harea belar artifizialarekin; beraz, bazegoen berritzeko beharra, eta AKEk 2025a baliatu gura izan du horretarako. "Aldundiak iaz jakinarazi zigun dirulaguntza batzuk aterako zituela aurten futbol zelaietako belarrak aldatzeko, eta Udalak eskaera egin zuen. Baldintza da urtea bukatu aurretik egon behar dutela lanek bukatuta; beraz, justu samar, baina epeak beteko ditugu, dena ondo bidean", azaldu du kirol elkarteko batzarkide Iker Mansok.

Izan ere, belarra aldatzeko makinak ez daude sobera, eta aste honetara arte ezin izan du enpresa kontratatuak ekarri. Hori horrela, eguaztena ezkero dihardute Eztalan kautxua xurgatzeko zereginetan. Horren ostean, galbahe bat pasako dute, neurri barruan dauden kautxu zatiak aprobetxatzeko. Ondoren, belarra batu, kendu, eta zorua mailakatu egingo dute, eremuren batean gorabeherarik balego. Uraren drainatzean ere jarriko dute arreta, eta ureztatzeko txorrotak erdialderago desplazatuko dituzte, ureztatzea hobetzeko.

Horrek guztiak 295.000 euroko kostua izango du. "Aldundiak ordainduko du %35, Realak 50.000 euro, eta Udalak gainontzekoa", zehaztu du Mansok. Realaren ekarpena AKE hitzartutako kluba izateagatik etorriko da: "Txuri-urdinek harrobiko jokalari bat saltzen duten bakoitzean, irabazien zati bat hitzartutako klubei eman behar die, eta aurten Zubimendi saldu dute; hala, Zubietan izan ginen Realeko arduradunekin, transakzioa adosteko".

Etxeko partiduak, Bergaran

Urtea bukatu bitartean, hortaz, inguruko zelaietara joango dira entrenatzera futbolariak: "Soraluze, Legazpi eta Bergarako klubekin berba egin, eta haien instalazioak erabiltzeko ateak zabaldu dizkigute. Partiduak, baina, Bergaran jokatuko ditugu, hurbiltasunagatik".

HARMAILA BERRIA, PREST

Goizper enpresak ordaindutako harmailari –214.500 euro– aste honetan eman dizkiote azken ukituak. Ekainean hasi zuten obra zibila, eta behin egitura, teilatua, bankuak eta kristalak egokituta, erabilgarri egongo da zelai berria estreinatzerako. 90 pertsonarentzako edukieradun harmaila pista gainean dago kokatuta, bost metro inguruko altueran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak