Komunitate transfeministak euskarari egiten dion ekarpenean azpimarra

Hasier Larrea 2025eko azaroaren 8a

Euskuirt eguna mahai-inguruarekin hasi dute, eta jai giroan jarraitu. Torresoroa aretora bertaratu direnek Kattalin Miner, Kepa Yecora, Alex Arzelus eta Onintza Legorbururen hitzartzeak entzun ahal izan dituzte. Euskara eta transfeminismoa ardatz hartuta, askotariko adibide eguneratuak ekarri dituzte mahai gainera. 

Eiherako kide Kattalin Minerrek aipatu du "historikoki LGTBI komunitatearen eta euskaldunen arteko tentsio batzuk" egon izan direla, baina "aldi berean" faltsua dela axioma hori: "Gu bi komunitateetako kide gara, gu ere bagara euskalgintza eta euskaldun. Euskararen biziberritzearen inguruan ikuspegi eta praktika asko dauzkagu, eta gure modura errebindikatzen dugu". 

Besteak beste, sare sozialetan jasan izan dituzten irainak hartu ditu hizpide: "Askotan komunitateko kideok euskarari buruzko iruzkin bat egiten dugunean, euskara garbitasunaren izenean jasotzen ditugun erreakzioak , funtsean, LGTBIfobikoak besterik ez dira. Euskara gurea ere bada eta hortik ekingo diogu". 

EGAM kolektibo iruñarreko kide Kepa Yecorak xoka ariketa linguistikoa proposatu du, hizkera ez bitar bat: "Noka hitz egin dezakegu, edo berria sortu. Guk xoka proiektua garatzen dihardugu,  komunitateari dagokio horretaz jardutea". 

Altxaliliko kide da Alex Arzelus bergararra. Duela 3 urte sortu zuten ikuskizuna, landa eremuan bizi gura dutela aldarrikatzeko helburuarekin. Azaldu duenez, "gero eta jaialdi gehiago antolatzen dira euskal eta transfeminista komunitateak uztartuta; adibidez, lehen trikitilariak oso maskulinoak ziren eta orain asko aldatu da hori". 

Onintza Legorburuk ere ildo horretatik egin du berba. Espazio informaletan, adibidez jaietan edota kalejiran, komunitate transfeministak gero eta presentzia handiagoa duela esan du, herrietan gero eta ekintza ludiko gehiago antolatzen direla: "Gainera, hainbat elementu aurki daitezke amankomunean, dibertsioa, katxondeoa, probokazioa..." 

Yecorak gogoratu du kalea hartzeak ez duela esan nahi erabateko berdintasuna dagoenik: "Irainak eta erasoak jasaten ditugu, jendearen aurrean agertzearen kostua izaten da sarri. Prest gaude horrela jarraitzeko, toki guztietan. Etengabe. Garen bezalakoak agertzeko eskubide osoa dugu eta ez dugu baimenik eskatu behar".

Egun goibelari aurpegi alaia jartzeko aitzakiarik ez dute falta Euskuirt egunean parte hartzen dabiltzanek. Andramanuelak, Morbor eta Miau kolektiboek antolatuta, herri bazkaria, bingo mariketoa, kalejira eta kontzertuak daude gaztetxean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak