Celaya hiria, Guanajuaton kokatuta dago –Queretarotik gertu–, XVI. mendean Euskal Herritik joandako abeltzainen eskariz sortutakoa da, eta, Elay Taldeak, hiri horretara eraman zuen Mexikoko “ebaketa zehatzaren teknologiadun lehen planta" 2.000. urtean.
Elay Taldeak Mexikon planta bat zabaltzeko ideia "aspalditik" zegoen orduko gidarien buruan, baina herrialdeko "krisi sakonak" eraginda, 2.000. urtera arte ezin izan zuten gauzatu. Planta hori "non kokatu" erabakitzerako orduan, gerra zibilaren ondorioz Mexikon aterpetutako Yon de Luisa ezagutu zuen Jose Luis Elkorok, eta haien adiskidetasun harremanak eraman zuen proiektua Celaya hirira. Yon de Luisa bera izan zen Celay-ko lehen zuzendaria.
Taldeak azaldu duenez, "garai hartan Celaya industrialki basamortua zen, terreno hutsak besterik ez zeuden han". Horregatik, "herriaren ekintzailetza agerian jarriz", erabaki hori hartu zutenen "ausardia" nabarmendu gura izan dute.
300 pertsonako lantaldea
44 langilerekin eta 10 milioi euroko inbertsioarekin hasi zen Elay Amerika-Celay martxan. Egun, 300 langile dira bertan, eta 40 milioi euro inbertitu dituzte proiektuan. Gainera, Antzuolako plantatik joandako Elay-ko hainbat langilek, "urteetako egonaldiak" egin dituzte Celay-n lanean: "Nabarmena da Mexikon egoteak Elay Taldeari egiten dion ekarpena. Arlo ekonomikoan Taldearen sostengu garrantzitsua izatera iritsi da. Bestalde, bezeroek talde globaltzat hartzea ere ekarri du, eta horrek gehitzen duen balioa ere oso inportantea da".
Egun, industria hiria da
Azken 25 urteetan, automobilgintzako enpresa nagusiak Celayan kokatu dira. Tartean, Euskal Herriko enpresek ere badute presentzia; Metagra, Panelfisa, Cie edo Gamesa daude esaterako. "Ameslari edo utopiko batzuen ekintzailetza grinak emaitzak eragin dituela berretsi beharrean gaude" adierazi du Elay Taldeak.
Ospakizuna egingo dute
Mexikoko plantak beteko dituen 25 urteak ospatzeko ekitaldia egingo dute azaroaren 13an. Horrekin batera, Elay Amerika-Celayosatzen duten pertsonen "borondatea, gaitasuna eta konpromisoa" ere azpimarratu gura izan du Elay Taldeak. "Beraien ekarpena ezinbestekoa izan da proiektuaren bilakaeran, eta etorkizunean ere izango da" amaitu dute.